Lau preso donostiar gelditzen dira Euskal Herriratzeko
Gero eta gehiago dira Euskal Herritik gertuagoko espetxeetan dauden euskal presoak. Halere, urruntze politika oraindik ez da bukatu, eta, horregatik, Sare Herritarrak euskal presoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politikaren aurka mobilizatzen jarraitzen du. Larunbatean milaka pertsona atera ziren kalera presoen eskubideen alde. Manifestazio jendetsua egin zuten Donostian, eta ekitaldi erraldoia egin zuten Illunben.
Euskal Herritik kanpoko kartzeletan dauden preso donostiarren zerrenda ere txikitzen ari da. Faustino Marcos Alvarez Zaragozako Daroca espetxean dago, 345 kilometrora; Fernando Elejalde Tapia Leongo Mansilla kartzelan dago, 370 kilometrora; eta Gurutz Agirresarobe Pagola eta Asier Arzalluz Goñi Logroñoko espetxean, 170 kilometrora.
Donostiako Martuteneko kartzelan lau euskal preso donostiar geratzen dira, Zaballan (Araba) sei, Basaurin (Bizkaia) bi, eta etxean preso daudenak bi dira.