Odon Elorzak dio alderdiko batzuk "neutraltasunetik kanpo" aritu direla primarioetan
Marisol Garmendiaren garaipena aitortu arren, Odon Elorza kritiko agertu da Donostiako PSE-EEren primarioen kanpainan izandako “jokabide batzuekin”. Haren ustez, alderdiko pertsona eta zuzendaritza organo batzuk “neutraltasunetik kanpo” aritu dira. Elorzak astelehen honetan Donostiako sozialisten egoitza nagusiaren kanpoaldean inprobisatu duen prentsaurreko batean egin du salaketa. Izan ere, Garmendiak eta Elorzak prentsa agerraldi bat elkarrekin egitea aurreikusita zegoen. Ordea, bertan behera geratu da Garmendiaren osasun arazo batzuengatik.
“Primarioak onak izan dira, eta merezi izan dute, zalantzarik gabe”, adierazi du alkate ohiak. Alderdiak “bat eginda” jarraitzen duela eta horri eutsiko diola gaineratu du. Bestalde, kazetariak galdetu diote ea primarioetan parte hartu izanaz damutzen den. Ondorengoa adierazi du Elorzak: “Politikan borroka batzuk suizidak diruditen arren, ezin dituzu eman gabe utzi, zure duintasunagatik eta zure usteekin koherentea izateko”.
Hiriaren gertatzen ari denarekin “oso kezkatuta” dagoela nabarmendu du alkate ohiak. Batez ere, “herritarrek agian ikusten ez dituzten, baina ezkutuan dauden gaiekin”. Haren asmoa gai horiek argitara ematea zela adierazi du. “Hiri honek alkate honekin [Eneko Goia] duen utzikeriak kezkatzen nau; izan ere, bart oso ondo lo egingo zuen”.