Reala bolada onean dago
Txuri-urdinek bosgarren partida jarraian irabazi dute, eta hainbat jokalariren une gozoa baliatzen ari dira.
Europa ligan ez ezik, Espainiako ligan ere bolada ona darama Realak. Moldavian Xeriff gainditu ostean, Vila-reali irabazi zioten, atzo, Anoetan (1-0). Denboraldiko neurketa borobilena jokatu zuten txuri-urdinek, lerro guztietan. Erabakigarriak bi jokalari izan ziren: Brais Mendez erdilari galiziarra eta Alex Remiro atezain nafarra. Mendezek egin zuen partidako gol bakarra, Mikel Merinoren pase zoragarri bat baliatuta. Remirok, berriz, geldiketa garrantzitsua egin zuen luzapen denboran. Denboraldi hasieran, Mendez ari da izaten Realeko izarra eta golegile nagusia. Ligan bost daramatza eta bat Europan. –Old Trafford-ekoa, hain zuzen ere–. Europa Ligako hiru partidak irabazita multzoko liderrak dira 9 punturekin, eta ligan seigarren postuan daude 16 punturekin.
Belar hockeyan, puntu garrantzitsua eskuratu zuten Realeko neskek Pozueloren zelaian. Laida Arrilagak egin zuen txuri-urdinen gola. Sasoiko lehen berdinketa da, beste bi partidak irabazi ostean. Hau da, Realak oraindik ez du galdu emakumezkoen ohorezko ligan. Une honetan, sailkapeneko seigarren tokian daude 7 punturekin.
Azkenik, izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskak ez dira pasa den denboraldikoak. Izandako aldaketa nabariek nabarmen eragin dute taldearen errendimenduan. Ligako bigarren partida ere galdu egin zuten, Jacaren pistan. Denbora dute, pixkanaka, taldea indartu eta emaitzak lortzeko.
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 8. jardunaldia
- Reala 1 – Vila-Real 0
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 4. jardunaldia
- Pozuelo 1 – Reala 1
Izotz hockeya
Emakumeen lehen maila, 3. jardunaldia
- Jaca 5 – Txuri Urdin 1