Garaipena gero eta gertuago dute
Txuri Urdin eta Majadahonda taldeen arteko partida. (Argazkia: Txuri Urdin) Txuri Urdin izotz hockey taldeko neskek eta mutilek oraindik ez dute lortu ligan irabaztea. Halere, garaipena gero eta gertuago dute. Larunbatean, neskek Milenio Panthers hartu zuten Donostiako izotz jauregian, eta markagailuari buelta ematea lortu zuten neurketa berdintzeko –sasoiko lehen puntua eskuratu dute–. Tamalez, luzapenean, urrezko gola sartu zuten arerioek. Antzekoa gertatu zitzaien mutilei ere. Majadahonda talde indartsuaren pistan jokatu zuten, eta partida bosna berdindu arren, penaltietan galdu zuten. Txuri Urdinen bi taldeek nabarmen egin dute hobera.
Saskibaloian, denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Ibaeta Basketek, larunbatean. Azu Muguruzak gidaturiko taldeak Cadi La Seu hartu zuen mendean, beraien pistan. Lorpen honi esker, hasiera irregularraren dinamika aldatzeko aukera dute. Bestalde, taldeak larunbatean bertan iragarri zuen Ivana Raca jokalari serbiarrak Ibaeta Basket utzi duela, arrazoi pertsonalengatik.
Futbolean, Realak zazpigarren garaipena jarraian eskuratu zuen atzo Balaidosen, Celtaren kontra. Txuri-urdinak bolada oso onean dira ligan eta Europa ligan, eta estatistikak hausteko bidean dira. Pentsa, 1960ko hamarkadatik ez zituzten zazpi neurketa jarraian irabazten. Celtaren aurka Asier Illarramendi kapitainak eta Igor Zubeldiak egin zituzten golak. Sailkapen nagusiko lehen postuetan egonkortu dira. Sailkapen nagusian bosgarren daude 19 punturekin.
Realeko neskek, berriz, luzapenean lortu zuten Teneriferen kontra berdintzea. Partida ona jokatu arren, ez zuten arerioaren atea zulatzea lortu 96. minutura arte. Amaiur Sarriegik egin zuen berdinketaren gola. Orain arte galdu ez badute ere, puntuak banaka zenbatuta gora begira jarri gabe dabiltza. Sailkapeneko zortzigarren postuan daude 6 punturekin.
Eskubaloian, Bera Berak ez zuen hutsik egin Gasca kiroldegian. Horrela ere, kostata gainditu zuten Atletico Guardes. Bigarren zatian topatu zuten arerioa menderatzeko modua, 35. minutura arte lortu ez zutelako. Donostiako taldea ohorezko mailako liderra da orain, baina partida bat gehiagorekin. Izan ere, jokaturiko neurketa zortzigarren jardunaldiko aurreratua izan zen. Bi taldeek abenduko Europako konpromisoei behar bezala erantzuteko hartu zuten erabakia.
Belar hockeyan, Realak sasoiko lehen porrota jaso zuen Club de Campo indartsuen zelaian. Parez pare aritu arren, eta markagailua berdindu arren, Madrilgo taldea hobea izan zen hirugarren eta laugarren laurdenean. Galdu arren, txuri-urdinak maila onean aritu ziren.
Izotz hockeya
Emakumeen lehen maila, 4. jardunaldia
- Txuri Urdin 4 – Milenio Panthers 5
Gizonezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Majadahonda 6 – Txuri Urdin 5
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 3. jardunaldia
- Cadi La Seu 72 – Ibaeta Basket 77
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 8. jardunaldia
- Bera Bera 27 – Atletico Guardes 23
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Reala 1 – Tenerife 1
Gizonezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Celta 1 – Reala 2
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 6. jardunaldia
- Club de Campo 3 – Reala 1


