Bederatzi hilabete istriputik eta erantzunik ez
Bederatzi hilabete igaro dira auto batek istripua izan eta Martuteneko Arantzazuko Ama eskolako patioko hesia bete-betean jo zuenetik. Martutene Bizirik plataforma sortu zen orduan, auzoko beharrak borrokatzeko. Bederatzi hilabete igaro diren honetan, udaleko osoko bilkurara joango dira, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren eskutik.
Plataformak salatu duenez, udal agintariak ez dira haiekin bildu, eta auzoaren beharrei ez diete jaramonik egiten: “Martuteneko familiak auzoa bezain abandonatuta sentitzen gara”.
Larriagotzat jotzen duten arazoak beste behin ere zerikusia du ikastolaren inguruko bide segurtasunarekin. “Urtarrilean gertatu zen istripu larriaren ondoren, udalak esan zigun larrialdiko oinarrizko gutxieneko esku hartze bat egingo zutela trafikoa baretzeko, baina bederatzi hilabete daramatzagu zain, eta ez dute ezer egin”.
Hain zuzen ere, bide-segurtasunari buruz hitz egingo da osoko bilkuran, baina beste gai askok kezkatzen dituzte auzo horretako bizilagunak. Ondorengo kezkak helaraziko dizkiete udal agintariei: Villa Oyoneko bihurgune abandonatua, auzoko garbitasun eskasa, gasolindegi abandonatua, DBusen geltoki nagusien eta Renfeko geltokien prekarietatea, Agustindarren eskolako eraikin abandonatua eta mugikortasunarekin eta segurtasunarekin lotutako beste hainbat kezka.