Realak jarraian irabazitako partiden historiako marka onena berdindu du
Mikel Merino egindako gola ospatzen, atzo, Anoetan. (Argazkia: Reala) Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi… eta zortzi garaipen. Realak ligako azken bost partidak eta Europa ligako azken hiruak irabazita, marka historiko bat berdindu du. Izan ere, 1966-1967 denboraldian zortzi partida jarraian irabazi zituzten txuri-urdinek Bigarren mailan. Andoni Elizondo entrenatzaile donostiarraren aginduetara lortu zuten balentria hori. Dena dela, 2022. urtean lorturikoak balio handiagoa du, maila goreneko bi txapelketetan lortu dutelako marka berdintzea. Valladoliden kontrako hurrengo partida irabazita lortuko lukete gainditzea.
Realak Mallorca hartu zuen atzo mendean, Anoeta futbol zelaian. Partida irregularra jokatu arren, lehen minutuetan Mikel Merinok egindako gola nahikoa izan zen beste hiru puntu batzeko. Txuri-urdinek errenta handitzeko aukera ugari izan zituzten, baina ez zuten ate aurrean asmatu. Mallorcak ere berdinketa gertu izan zuen; batez ere, epaileak Amathen gol bat baliogabetu zuelako. Atzoko garaipenarekin, Reala sailkapeneko ohorezko postuetan dago. Hirugarren tokian daude 22 punturekin, Real Madril eta Bartzelonaren atzetik.
Atzoko albiste latzena harmailetan gertatu zen. 75 urteko bazkide bat ondoezik sentitu zen, eta larrialdietako zerbitzuak haren bizitza salbatzen ahalegindu arren, Donostiako Ospitalean zendu zen. Realak eta hainbat jokalarik doluminak eman zizkien hildakoari eta haren senideei.

