Bixente Sacristanek hartu du Haizea Garairen lekua
Elkarrekin Donostia koalizioak udalbatzan dituen hiru zinegotziak berreskuratu ditu urriko udalbatzarrean.
Bixente Sacristanek zinegotzi akta hartu du urriko osoko bilkuran. (Argazkia: Donostiako Udala) Gaur goizean hartu du zinegotzi akta Bixente Sacristanek, Elkarrekin Donostia koalizioaren zinegotzi berriak. 55 urteko donostiarra da, eta Parte Zaharrean bizi da. Horrez gain, Donostiako Udaleko Mugikortasun saileko teknikaria da.
Irailean dimisioa aurkeztu zuen Haizea Garai Ezker Anitzako zinegotziaren ordezkoa da. Horrela, koalizioak udal taldea berrosatu du hiru zinegotzirekin. Aitzole Araneta eta Marta Huarte zinegotzien antzera, Sacristan ere Ahal Dugu alderdikoa da.
Garaik bere kargua uztea erabaki zuen, udal taldeko bozeramaile Aitzole Aranetak hainbat aldiz “hitzez eta fisikoki jazarri” zuela salatuz. Gero, Aranetak ukatu egin zituen akusazio horiek. Irailaren 29ko udalbatzarrean, Garairen dimisioa onartu zuen udalbatzak. Ordea, Garai ez zen osoko bilkuran egon.

