Okendo Alden zundaketak egiten ari direla salatu du Ulia Auzo Elkarteak
Udal gobernuak oraindik ez du onartu U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren plan berezia. Horrela ere, Ulia Auzo Elkarteak ohartarazi du eremuan zundaketak egiten ari direla, “plan berezia onartu gabe”.
Hain zuzen ere, egunotan Ikerlur ingeniaritza enpresa Manteon zundaketak egiten ari da Basque Culinary Center-en egoitza berria eraikitzeko. “Zer hirigintza irregulartasun da hau?”, galdetu dio udalari auzo elkarteak. Era berean, Eneko Goiak proiektu honekiko duen “erabateko isiltasuna” kritikatu dute. Izan ere, iragan uztailean 500 herritarrek baino gehiagok udal gobernuari idatziz eskatu zioten Basque Culinary Centerri egindako lagapena bertan behera uzteko.
Auzo elkarteak elkarretaratzea egingo du bihar 18:00etan, Nafarroa etorbidean. Manteoko berdegunearen eta zuhaiztiaren aurrean elkartuko dira.