Txuri Urdinek denboraldiko lehen garaipena eskuratu du
Txuri Urdineko mutilak, sasoi honetako partida batean. Iritsi da lehena, eta alde nabarmenarekin. Txuri Urdineko mutilek sasoiko lehen partida irabazi zuten larunbatean, Milenio Panthers aise menderatuta (8-1). Azkenean, beste partida batzuetan izandako sentsazio onak markagailuan islatu ahal izan zituzten. Hori gutxi balitz, atzo, bigarren garaipena eskuratu zuten arerio beraren kontra (11-4), Donostiako Izotz jauregian. 22. jardunaldiko partida aurreratua izan zen. Denboraldia modu irregularrean hasi arren, jarraian lorturiko bi garaipenek konfiantza emango diote taldeari. Aldiz, Txuri Urdineko neskek burua altxa ezinda jarraitzen dute. Oraingoan, Huarteren kontra galdu zuten (1-3), eta agerikoa da iazko errepikatzetik oso urrun daudela. Halere, ekinaren ekinez iritsiko dira puntuak eta garaipenak.
Belar hockeyan, aurreikusi zitekeena gertatu zen. Realak arerio gogorregia izan zuen parez pare; Egara bigarren sailkatua. Gol bakarreko aldearekin galdu zuten txuri-urdinek, eta zerbait gehiago egin izanaren sentsazioarekin geratu ziren. Garaipenaren bidera itzultzeko hurrengo aukera etxean baliatu beharko dute.
Futbolean, Realeko neskak izan dira asteburuko irabazleak. Alavesen kontra jokaturiko euskal derbian, bertsiorik onena berreskuratu zuten. Hau da, golak egiteko erraztasuna, pasa den denboraldian erakutsi zutena. Gabyk eta Amaiurrek bina gol egin zituzten, eta Jensen arduratu zen bosgarrena egitea. Izan ere, txuri-urdinek 5-1 irabazi zuten. Ezin da gauza bera esan gizonezkoen taldeaz. Betisen kontra porrot mingarria jaso zuten atzo gauean. Badirudi andaluziarrek neurria hartu dietela donostiarrei, eta atzo ere, horrela izan zen. Realak partida nahiko ona jokatu arren, Betisek azken hamar minutuetan bi gol egin zituen, txuri-urdinen defentsako akatsak baliatuz. Epaileak ere akats batzuk egin zituen, Betisen area txikian ustezko bi penalti egon zirelako. Argiena, 90. minutukoa izan zen, Betiseko atzelari batek eskuarekin aldendu zuenean Aritz Elustondoren burukada bat. Hurrengo jokaldian sartu zuen arerioak bigarren gola. Gauzak horrela, atzerapausoa eman dute txuri-urdinek sailkapen nagusian, eta Europako lehian.
Saskibaloian, garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Ibaeta Basketek Kanaria Handiaren pistan. Donostiako taldeak erakutsi zuen arerioa baino maila bat gorago dagoela.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Gizonen lehen maila, 6. jardunaldia eta 22. jardunaldia (aurreratua)
- Txuri Urdin 8 – Milenio Panthers 1
- Txuri Urdin 11 – Milenio Panthers 4
Emakumeen lehen maila, 6. jardunaldia
- Txuri Urdin 1 – Huarte 3
Belar hockeya
Emakumeen ohorezko maila, 8. jardunaldia
- Egara 1 – Reala 0
Futbola
Emakumeen lehen maila, 7. jardunaldia
- Alaves 1 – Reala 5
Gizonen lehen maila, 12. jardunaldia
- Reala 0 – Betis 2
Saskibaloia
Emakumeen liga, 5. jardunaldia
- Kanaria Handia 80 – Ibaeta Basket 86

