TAO-ko eta garabietako langileek astebeteko greba egingo dute
TAO-ko eta garabietako langileen grebaren pankarta bat, Donostian. (Argazkia: ELA) Gipuzkoako TAO eta garabi zerbitzuetako langileek astebeteko greba egingo dute asteazkenean (hilak 9) hasita. Grebak hilaren 16ra arte iraungo du, eta, eragin nabarmena izango du Donostian, agerikoa denez. ELA, CCOO eta LAB sindikatuek deitu dute grebara, eta azkenaldiko hirugarren greba deialdia da, urriaren erdialdean eta bukaeran ere hainbat greba egun egin baitzituzten.
“Lan hitzarmen duin bat” aldarrikatzen dute, batik bat, soldatak KPI-aren arabera eguneratzeko eta urtean 1.592 lan ordu egingo dituztela bermatzeko. Aldiz, patronalak proposatzen du %4,5eko soldata igoera egitea 2021-2024 urteen artean, antzinatasunean eta baja osagarrietan murrizketak egiteaz gain, sindikatuek azaldu dutenez.

