On Kixoteren eskultura konponduko du udalak
Cervantes plazako On Kixoteren eta Santxo Panzaren eskulturako lantza puskatuta dago, baina udalak konpondu egingo du. Hiri Mantenimenduko zinegotzi Miguel Angel Diezek azaldu duenez, gutxienez zortzi aldiz hautsi dute eskultura, eta beti udalak konpondu behar izan du. “Espero dezagun nekatzea eta ondasun publikoak bakean uztea”, gaineratu du zinegotziak.
Azaldu duenez, puskatutako zatia agertzen bada, konponketak 300 euro inguru (gehi BEZ) balio du, baina, agertzen ez bada, 500 bat eurora igotzen da kostua. Talleres Martutene enpresak egingo du konponketa.
Eskultura Lorenzo Coullant Valerak egin zuen 1923an, eta 1973an jarri zuten Donostian. On Kixoteren Madrilgo eskulturaren kopia dela esan izan da, baina kontrakoa da: Donostiakoa da jatorrizkoa. Hedabide honek eskulturaren historia errepasatu zuen erreportaje batean.