3.000 lagunek bat egin dute GuraSOSen deialdiarekin, erraustegia gelditzeko eskatzeko
3.000 pertsonek bat egin dute GuraSOSen deialdiarekin, Zurriola pasealekuan manifestazioa eginez igandean. Hogei bat arraunlarik beraien arraunekin babestu dute martxa eta, metro batzuk aurrerago, 40 surflari beren oholekin batu zaizkie.
GuraSOSeko Joxemari Izetak adierazi duenez, aspalditik salatu dituzte “isuri toxikoak” Arkaitzerreka errekastoan, errauskailuaren “estankotasunak” huts egin duelako. “Zirkuitu itxi eta hermetikoa izan behar zuena, onartu dute ez dela hala, eta lurpeko urak, erreka, Oria ibaia eta itsasoa kutsatzen ari dira”, salatu du Izetak, eta ohartarazi du “orain isuri toxiko hori desagerrarazi nahi dutela, Añarbeko saneamendura ponpatuz, eta hortik Monpasera, Zurriolako hondartzara”.
Erraustegia herritarren partehartzerik gabe egin izana salatu dute manifestazioan, eta, bi urtetan, salatzen ziren arazo asko gertatzen ari direla diote manifestariek: “Argindar transformadore nagusiak ez du bere lana betetzen. Ez du balorizatzen; Labeak homologatu gabe daude eta hasieratik ibili dira gaizki. Ondorioz ingurua dioxinaz bete dute; lurpeko uren, Arkaitzerreka errekastoaren, Oria ibaiaren eta itsasoaren kutsadura; Aste honetan bertan Aratxa Tapiak sailburuak aitortu du kutsadura kasuetan labeak geldiarazteko sistema automatikoa, legeak agintzen duena, ez dagoela ezarrita”.
Herritarrek egindako kutsadura neurketak kezkagarriak direla salatu dute: “Beste inon ez da hain denbora gutxian hainbeste kutsadura atzeman erraustegiaren inguruetan. Eta ez da txantxetakoa: minbizia sortzen duten osagaien isurketaz ari gara”.


