Ia bi hankak finalean ditu Beñat Gaztelumendik
Bigarren finalaurrekoa izan da larunbat honetan Baionan, eta azken saioaren faltan, Bertsolari Txapelketa Nagusirako finalistak argitzen doaz. Alaia Martinek matematikoki lortua du postua, eta jarraian doaz Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi donostiarra; ia-ia ziurtatuta dute finalerako postua.
Txapelketa Nagusiko finalaurreko fasea Bilbon amaituko da abenduaren 3an, bigarren itzuliko azken saioa jokatuta. Bertsotan, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Saioa Alkaiza, eta Maddalen Arzallus ariko dira, Idoia Anzorandiak aurkeztuta. Lehen hirurak dira puntuazio altuena lortu dutena, eta beraiek dute errazen finalerako postua lortzea.
Azken finalaurrekoan laugarren postuan dagoen Alkaizak 688 puntu beharko lituzke lortu Nerea Ibarzabalen aurretik geratzeko [sailkapen nagusian laugarrena], eta 711 Gaztelumendiren aurretik geratzeko [sailkapen nagusian hirugarrena]. Gauzak honela, Gaztelumendi Iruñeko final handian ikusiko dugu berriz ere, ia ziurtasun osoz.
Baionan Nerea txapeldun
Nerea Ibarzabalek irabazi du Baionako finalaurrekoa 671,5 puntu eskuratuta, 2.000 bertsozaleren beroan jokatu den saioan. Ibarzabalek 1.344,5 puntu batu ditu bi finalaurrekoetan eta finaleko postuetan kokatu da. 14 bertso puntuagarriek honakoa eman dute:
-Nerea Ibarzabal 671,5
-Sustrai Colina 668
-Beñat Gaztelumendi 656,5
-Julio Soto 643,5
-Unai Agirre 639,5
-Eñaut Martikorena 584
Behin-behineko sailkapena