Europan jokatzea berezia delako
Bera Berak Besançon frantziarren pistan jokatuko du bihar, Eurokopako Q3 kanporaketaren joaneko partida.
Alba Menendez Bera Berako kapitainaren hitzetan, “Europa berezia eta erakargarria da”. Azken urtetan helburu gisa hartu du Donostiako taldeak urrats bat gehiago egitea Europan. Horretarako, lehenik Q3 kanporaketa gainditu beharko dute. Helburua, berriz, ligaxka jokatzeko sailkatzea da. Joanekoa bihar jokatuko dute 20:00etan, Besançonen pistan. Itzulerako neurketa, berriz, hilaren 11n izango da Gaska kiroldegian.
Futbolean, erronka zaila bezain polita izango du emakumezkoen Realak. Liderraren eta arerio zailenaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Hau da, Bartzelona ahalguztidunaren kontra. Punturik urratzea utopia dirudien arren, lehiakorrak izateko asmoa dute txuri-urdinek. Bihar eguerdian izango da partida (12:00).
Saskibaloian, Ibaeta Basketek egun gutxi izango ditu azken porrota barneratzeko. Izan ere, atzo jokatu zuten etxean 9. jardunaldiko partida Ensino Lugoren aurka (60-69). Berriz ere bolada txar batean sartuta dabiltza, eta ez dute neurketarik errazena izango da egoerari buelta emateko. Bartzelonaren pistan jokatuko dute igandean (17:45).
Azkenik, izotz hockeyan, garaipenen zakua handitzeko abiatuko da Txuri Urdineko mutilen taldea Jacara. Arerio zail baten izotz pistan punturen bat batzea garrantzitsua izango litzateke taldeak izan duen hobekuntza berresteko. Partida bihar gauean izango da (21:30).
PARTIDAK
Eskubaloia
Emakumezkoen Eurokopa, Q3 kanporaketaren joanekoa
- Besançon – Bera Bera (bihar, 20:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia
- Bartzelona – Reala (bihar, 12:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 10. jardunaldia
- Bartzelona – Ibaeta Basket (etzi, 17:45)
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 11. jardunaldia
- Jaca – Txuri Urdin (bihar, 21:30)