160.000 euroko isuna Ekondakin enpresari, Arkaitzerrekako isurian agintariei ez obeditzeagatik

(Albiste hau Zero Zaborrek argitaratu du Argian, eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu Irutxuloko Hitzara)
Gipuzkoako hiri hondakin guztien ardura duen eta Zubietako erraustegiaren jabea den GHK partzuergoak 160.000 euroko isuna ezarriko dio Ekondakin enpresa elkarteari, Arkaitzerrekan detektatutako isuria bideratzeko administrazioak emandako aginduak ez betetzeagatik. GHKren batzarrak asteartean, abenduak 13, erabaki hori hartuko du Jose Ignacio Asensio lehendakariak proposatuta. ARGIAk ikusi ahal izan duen proposamenean, Asensiok dio Ekondakinek huts egite larria egin duela GHKrekin daukan kontratuan. Ekondakin enpresa elkartearen bazkideak dira: Meridiam Investsment funtsa, Urbaser multinazionala eta Euskal Herriko Altuna y Uria, Murias, Moyua eta LKS kooperatiba.
Dirudienez, joan den irailaren 2an –herritarrek Arkaitzerrekan isuri kutsagarria gertatzen ari zela salatu eta hilabetetara– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak GHKri eskatu zion konpondu zezala erraustegi azpiko urak biltzen dituen drainatzeko hodian agertutako kutsatzea, eta honek Ekondakini jakinarazi zion agindua. Alabaina, egunak eta asteak pasa eta neurri zuzentzaileok hartu gabe jarraitzen zuten, eta, gainera, Ekondakinek erantzun zion ez zeukala neurriok zertan ezarririk.
Administrazioaren eta kontratatzaileen aginduak ez betetze hori huts egite larritzat jo du orain GHK-ko zuzendaritzak, eta Ekondakini ezarriko dio agindua betetzeke eduki zuen egun bakoitzeko 20.000 euroko isuna. Proposamenean ez da garbi azaltzen zertan oinarritzen den GHK ez obeditzea zortzi egunetara mugatzeko; zortzi eguneko epe horri esker isuna azkenean 160.000 eurokoa da eta ez handiagoa. Bestalde, deigarri egiten da GHK-k, Ekondakinen jokabide oztopatzailea huts egite larritzat salatu ostean –larritzat jo behar dira”administrazioaren ikuskapenari aurre egitea eta berori oztopatzea” eta administrazioak “idatziz emandako aginduak ez betetzea” –, hala ere kontratuan ezarritako zigorren artean arinena ezartzen diola egun bakoitzeko, hots, 20.000 eta 30.000 euro artean baxuena.
Asensiok sinatutako proposamenak frogatutzat ematen du Arkaitzerrekako ur zikinen iturburua datzala erraustegiak hondakinak pilatzen dituen bi biltegitan gertatutako suteetan; jakintzat ematen den bezala bi biltegiok ondo inpermeabilizatuta ez egoteaz gain ur zikinak ateratzeko punparik ez zeukatela erabilgarri agintariek ikuskatutako garaian. Era berean, jakintzat ematen du –horrekin zigorrik arinena ezartzea justifikatuz– isuri horiekin ez zaiola kalterik eragin Arkaitzerrekako uraren kalitateari.
GHK-k bere batzarkideei egindako proposamenean puntuok egia frogatutzat jotzen ditu, baina oraindik informazio publikorik ez die eman Arkaitzerrekaren kutsatzearekin asaldatutako herritarrei.