Igarotako bidearen kronologia bat
Kirol emaitzak

Asteburu hotza izan da kirol talde donostiarrentzat

BeraBera (Argazkia: Juan Antonio Garaikoetxea)

Lehian zerbait izan duten guztiek galdu dute. Galerak, ordea, ez dira berdinak guztientzat. Bera Bera Europako lehiatik kanpo geratu da Eurokopako itzulerako partida ere galduta Besançon frantziarren kontra (24-27). Gaska kiroldegian hiru goleko desabantaila gainditu behar zuten, baina alde berarekin galdu zuten berriz ere. Erasoan ez asmatzeak kondenatu zuen Donostiako eskubaloi taldea. Horrela, denboraldiko helburuetako batek eskuetatik ihes egin die. Ligan eta kopan jarri beharko dute begirada, beste behin ere.

Futbolean, ez zen nahikoa izan Anoetan jokatzea Realeko neskentzat. Bartzelonaren aurka balentria gertu izan ostean, Levanteren kontra ezin izan zuten punturik batu (3-4). Markagailuan aurretik jarri arren, Levantek irauli egin zuten bi golekin. Txuri-urdinek berdintzea lortu zuten, baina bisitarien beste bi golek erabakita utzi zuten neurketa. Halere, Realak luzapenean berdinketaren bila joateko azken aukera izan zuen, baina ez zuten denborarik izan horretarako. Jensen, Gaby eta Uria txuri-urdinek egin zituzten golak. Gizonezkoen Realak, berriz, lagunartekoa jokatu zuen Rayo Vallecanoren aurka, eta bana bukatu zuten. Sorloth aurrelariak egin zuen txuri-urdinen gola.

Saskibaloian, ezinean jarraitzen du Ibaeta Basketek. Ligako bolada ona iragana da, eta Azu Muguruzak gidatzen duen taldeak ez du porroten galera etetea lortzen. Oraingoan, Estudiantesen pistan galdu zuten, tarte txikiarekin izan bazen ere (69-63).

Izotz hockeyan, berriz, Txuri Urdineko neskek galdu egin zuten etxean, Majadahondaren aurka (1-3). Asko kostatzen ari da lehen garaipena eskuratzea, eta gero eta jardunaldi gutxiago geratzen dira. Pasa den sasoian ia dena irabaztetik dena galtzera pasa dira, baina ez daude arduratuta. Aldaketak aldaketa, epe luzeko proiektu bat lantzen ari dira.

EMAITZAK

Eskubaloia

Emakumezkoen Eurokopa, Q3 kanporaketaren itzulerakoa

  • Bera Bera 24 – Besançon 27

Futbola

Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia

  • Reala 3 – Levante 4

Gizonezkoen lagunartekoa

  • Reala 1 – Rayo Vallecano 1

Saskibaloia

Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia

  • Estudiantes 69 – Ibaeta Basket 63

Izotz hockeya

Emakumezkoen liga, 11. jardunaldia

  • Txuri Urdin 1 – Majadahonda 3
HITZAkide HITZAkide