Oteizak grabatuta utzi zuen musika konposizio bakarra lehen aldiz entzuteko aukera egongo da ostegunean
Memoria de Montevideo du izena Jorge Oteiza eskulturgileak data jakinik gabe grabatuta utzi zuen musika konposizio bakarrak. Jatorrizko grabaketak, oriotarrak musika tresnekin baino, hitzezko narrazio modura azaldu zuen. Konposizioa bere osotasunean azaltzen ez duen arren, Oteizaren soinuzko unibertsoaren arrastoak mahai gainean jartzeko adinako garrantzia du. Ez dago bere soinuzko artxibo osoan horrelako beste ariketarik, eta zentzu horretan artistaren ibilbidean mugarri berezi bat ezartzen du.
Hainbat hamarkadaz ahantzita geratu den eta musika konkretua bezala definitu dezakegun lan hau lehen aldiz gorpuztea da emanaldi honen helburua. Orain hilabete gutxi batzuk soinu artxiboaren zenbait atal ezezagun jendaurrean aurkeztu eta aztertu ondoren, oraingoan kolaboratzaile jakinen laguntzarekin, Xabier Erkizia soinu artista eta ikerlariak Memoria de Montevideo interpretatzeko lehenbiziko saialdia eskainiko du. Emanaldia, interpretazio berri honetaz gain, jatorrizko grabaketaren entzunaldiarekin eta bestelako azalpenekin osatuko da.
Ostegunean izango da saioa Tabakaleran, 19:00etan, Musika dena eta eszena zikloaren baitan.

