Lehen etxegabetua, ‘etxegabetzerik gabeko hirian’
Iñaki Setien Kaleratzeak Stop-eko Rosa Garciaren eskutik atera zen bere etxetik, karro bat eta bere zakurra baino ez zeramala. (Argazkia: Beñat Parra) Azora putre funtsak Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibel bizilagunak etxegabetu zituen martxoan. 2015ean, Donostiako Udalbatzarrak «etxegabetzerik gabeko hiri» izendatu zuen Donostia, eta ordutik hainbat eragilek «isilpeko kaleratzeak» gertatu direla salatu badute ere —alokairuaren prezioaren igoerari aurre egin ezinik euren etxeak utzi dituzten bizilagunak, alegia—, martxokoa izan zen 2015etik gertatutako lehenengo etxegabetzea, bere horretan.
Azaroan salatu zutenez, Azorak Groseko hainbat familia etxegabetu nahi ditu urtea bukatu aurretik: gutxienez zortzi familiak jaso dute Azoraren burofaxa. Etxegabetze horien ondorioz, Groseko 30 familia inguruk beren etxebizitzak utzi eta auzotik alde egin beharko dutela salatu zuten hainbat eragilek. Udala bitartekaritzak egiten ari den arren, Azora putre funtsa eten gabe ari da hirian alokairuan dauden etxeak erosi eta maizterrak kaleratzen, batez ere Gros auzoan.

