Metroaren hirugarren geltokia falta da
(Argazkia: Irekia) Euskal Trenbide Sareak (ETS) irailean hasi zituen Donostiako Metroaren igarobidearen hirugarren geltokiko lanak. Hiriko erdiguneko lur azpian zulaketak egin dituzte, Kontxa-Erdialdea geltokia jartzeko. 16 metroko zabalera eta 14 metroko altuera izango du geltokiak. Luzera, berriz, 100 metro ingurukoa izango da.
Aldiz, maiatzean berrartu zituzten Mirakontxa-Easo zatiko lanak. Gogora dezagun 200 metro inguru geratzen direla zulatzeko eta, horrela Kontxa-Erdialdea geltokiarekin bat egiteko. Aipaturiko geltokiak sarbide bat izango du Artzain Onaren plazatik, beste bat Londres hoteletik –Zubieta eta Easo kaleen arteko elkargunea– eta Easo kalean aurreikusitako igogailu bat.
Gainerako bi geltokien kasuan, Bentaberrikoa bukatuta dago, trenbideekin, altzariekin eta beste elementu batzuekin osatzeko zain. Morlanskoa, berriz, Easo plazako egungo geltokia ordeztuko duena, erabat bukatzen ari dira.

