Okupazioaren kontrako oldarraldia
Groseko hustutzean parte hartu duen ertzain batek 'La delgada línea Azul' mugimenduaren eskumuturrekoa zeraman. (Argazkia: Beñat Parra) Bi herritarrek Azora putre funtsaren etxebizitza huts bat okupatu zuten Grosen, azaroan. Etxebizitzaren alarmak jo, eta Ertzaintza etxebizitza hustera joan zen. Babesa ematera joan ziren lagunen kontra gogor oldartu zen Ertzaintza. irutxuloko hitzako kazetari bat ere borraz kolpatu zuen Ertzaintzak, nahiz eta ertzainak bultzaka hasi zirenean kazetari moduan identifikatu zuen bere burua.
Hedabide honek jakitera eman zuenez, ertzainetako batek ‘La Delgada Linea Azul’ mugimenduaren eskumuturreko bat zeraman [lerro urdin mehea]. Lobby lana egiten duen talde honek, eskuin muturreko taldeekin lotura duela salatu dute mugimendu antifaxistek.
Donostiako okupazio mugimenduak salatu zuenez, Grosen hutsik gelditzen ari dira Azorak kaleratutako bizilagunen etxebizitzak, horiekin espekulatu asmo dutelakoan. Hainbat okupazio saiakera egin dituzten arren, hutsarazteak egunean bertan egiten dituztela salatu dute. Hirian aspaldikoa da etxebizitza arazoa, eta 2022an agerian geratu da behin eta berriz.

