Osakidetza: urtebete protesta eta krisi artean
(Argazkia: Xalba Ramirez) Urtea amaitzear dela, krisi sakonean dago murgilduta Osakidetza. Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuaren zuzendaritzan egindako bi kargugabetzek harrotu dituzte hautsak. Itziar Perez zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga ospitaleko zuzendari medikoa dira kargutik kendu dituztenak. Bi kargugabetzeen ondoren, beste hainbat arduradunek dimititu dute. Osakidetzaren Zuzendari Nagusiarekin eta Osasun Sailarekin dituzten desadostasun «sakonengatik» eman dute dimisioa. «Goitik beherako» erabakiak inposatzea egotzi diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gidatzen duen Osasun Sailari, eta osasun sare publikoa «era diktatorialean» kudeatzea.
Inork ezin du esan aurreikusi ezin zitekeenik. Urtarrilaren 13an protestan zeuden osasun langileak, eta honela zioten argi: «Osakidetzako osasun zentroek ezin dute gehiago».
Urtarrilaren 23an eta 25ean greba egunak antolatu zituzten osasun arloan gehiengoa osatzen duten Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.
Protestaldiek urte osoan zehar jarraitu dute, besteak beste, «Lehen Arreta zentroak guztiz gainkargatuta daudela» salatzeko. Donostialdea Osasun Publikoaren Alde mugimendua sortu zuten osasun langile eta herritarrek. 1.200 sinadura bildu zituzten eta «jendearen haserreak» eraman zituen mugimendua antolatzera. Manifestazio jendetsua egin zuten apirilean. Lehen Arretako egoera kaskarraz gain, izan dira osasungintzari lotutako aldarri gehiago: Onkologikoaren pribatizazioa eta izaera monografikoaren galera salatzeko manifestazio jendetsua urriaren 15ean. Amarako anbulategiko ordutegien murrizketa izan zen hizpide hirian urrian.
Osasun langileen greba eta protestek argi erakusten dute eredu talka baten erdian gaudela, eta egoeraren larritasuna: «Ez dugu onartuko Osakidetzaren desegitea, prekarizazioa eta pribatizazioa».

