Mobilizazioa egingo du Donostiako mugimendu feministak, azken erailketa matxistak salatzeko
Donostiako Asanblada Feministak eta Asanblada Transbollomarikak mobilizazioa antolatu dute gaur arratsaldean, 19:30ean bulebarrean. Bilbon atzo erail zuten emakumeari erantzunez egingo dute elkarretaratzea. Ohartu dutenez, beste emakume trans bat hilik azaldu da Bilbon, ibaian itota, eta indarkeria zantzuekin. gertaera argitzeko eskatu dute.
Atzo jakitera eman zenez, 44 urteko gizonezko batek 45 urteko emakume bat hil du Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. Rebeca Huayta Huacan zuen izena emakumeak. 09:00etan, gizonezko batek Bilboko udaltzainei deitu zien telefonoz, hilketaren berri emanez eta erruduna bera zela aitortuz. Poliziak San Frantzisko auzoko Hilargi tabernara joan zirenean, emakumearen gorpua aurkitu zuten tabernako sukaldean, aiztoz eragindako zauriak zituela. Gizona ere han zegoen; atxilotu egin zuten, eta Ertzaintzak Miribilla auzoan duen polizia etxera eraman zuten.
Emakunderen arabera, bost dira aurten indarkeria matxistak Euskal Herrian eraildako emakumeak.