Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Txapeldunordeak

Realak ezin izan du Superkopa irabazi eta txapela jantzi. Horrela ere, Bartzelonaren kontrako finalean maila ona eman dute.

Txapeldunordeak (Argazkia: Reala)

Distantzia gero eta laburragoa da, baina oraindik agerikoa da aldea. Realak eta Bartzelonak Superkopako finala jokatu zuten atzo, Meridan (Extremadura, Espainia). Txuri-urdinak maila onean aritu ziren, baina golak kataluniarrek sartu zituzten (0-3). Markagailuak ez du islatzen partidan ikusitakoa. Epaileek ez zuten beraien lana behar bezala bete, VAR sistemaren faltak akatsak agerian uzten dituelako. Izan ere, Bartzelonaren goletako bat jokoz kanpo argi baten ostean etorri zen. Horrela ere, Realak txapeldunorde izatea lortu du, eta ez da lorpen makala.

Gizonezkoen taldeak, berriz, bederatzigarren garaipena jarraian eskuratu zuen. Marka historikoa da, eta ikusteko dago datozen bi partidatan luzatu ahal izango duen balentria. Ligan Rayo Vallecano menderatu zuten larunbatean (0-2). Jokalari asko min hartuta izan arren, txuri-urdinek neurketa oso txukuna jokatu zuten. 38 puntu batu dituzte dagoeneko, eta ligako lehen itzulia oraindik ez da bukatu. Asteazkenean, kopako final-laurdenetako kanporaketa jokatuko dute Bartzelonaren kontra, Camp Nou futbol zelaian (21:00). Eta asteburuan, ligako partida izango dute Real Madrilen aurka. Beraz, aste zaila dute aurretik txuri-urdinek. Zertarako gai izango dira?

Eskubaloian, Bera Berak garaipen garrantzitsua lortu zuen Malagaren pistan (23-25). Horri esker, lidergoa sendotu ahal izan dute donostiarrek 22 punturekin –12 partidatatik 11 irabazi dituzte–. Bigarren tokian dago Rocasa 17 punturekin. Jardunaldien erdiak jokatuta, liga irabazteko helburua lortzeko oinarri sendoak jartzen ari dira.

Saskibaloian, Ibaeta Basket sentsazio onak berreskuratzen ari da. Etxeko lanak ondo bete zituzten atzo, Estudiantes mendean hartuta (72-67). Garaipen honek balio bikoitza dauka, sailkapen nagusiko erdialdean egonkortzeko balio izan dielako. Zortzigarren postuan daude 26 punturekin –Girona liderrak 33 puntu ditu–.

Izotz hockeyan, kolpe gogorra jaso zuten Txuri Urdinen mutilek Majadahondaren izotz pistan (7-2). Sailkapenean atzetik duen taldearen kontra galdu izanak donostiarren azken bolada ona kaltetu du. Izan ere, sailkapeneko laugarren tokian daude 19 punturekin –Jaca lider ahalguztidunak 42 puntu ditu, partida guztiak irabazi dituelako bat izan ezik–. Neskek ere galdu egin zuten Huarteren pistan (7-5), baina gertu izan zuten emaitza hobeago bat lortzeko aukera. Neurketa bakar bat irabazi gabe jarraitzen dute –hamar galdu eta bat berdindu dituzte–.

EMAITZAK

Futbola

Superkopako finala

  • Reala 0 – Bartzelona 3

Gizonezkoen liga, 18. jardunaldia

  • Rayo Vallecano 0 – Reala 2

Eskubaloia

Emakumezkoen ohorezko maila, 12. jardunaldia

  • Malaga 23 – Bera Bera 25

Saskibaloia

Emakumeen liga, 18. jardunaldia

  • Ibaeta Basket 72 – Estudiantes 67

Izotz hockeya

Gizonezkoen liga, 16. jardunaldia

  • Majadahonda 7 – Txuri Urdin 2

Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia

  • Huarte 7 – Txuri Urdin 5
HITZAkide HITZAkide