Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Kopa jausi zaio Realari

Txuri-urdinak maila onean aritu dira Bartzelonaren zelaian, baina kopari agur esan diote final-laurdenetan.

Reala_kopa (Argazkia: Reala)

Ezinezkoa zela sinetsi zuten zale askok, baina Realeko jokalariek posible zela erakutsi zuten Camp Nou zelaian. Ondo lehiatzeak ez du saririk bermatzen, eta akatsek –propioek eta eragindakoek– neurketa desorekatzean, ez dago aurrera egiteko aukerarik. Txuri-urdinek 1-0 galdu zuten atzo Bartzelonaren kontra, eta agur esan diote kopari. Iaz gertatu moduan, Realari final-laurdenetan jausi zaio kopa.

Lehen zatian etxeko taldea izan zen nagusi, eta aukera garbiak izan zituzten markagailuan aurretik jartzeko. Gola ere egin zuten, De Jongen bitartez, baina jokaldia baliogabetu zuen epaileak jokoz kanpo zegoelako. Hain zuzen ere, Gil Manzano epaileak nahikoa baldintzatu zuen partida eta jokoa. Horrela, 41. minutuan txartel gorria atera zion Brais Mendez txuri-urdinari, Sergio Busquetsi orkatila zapaltzeagatik. Lehendabizi txartel horia atera zion, baina VAR gelatik adierazi zioten epaileari jokalaria egozteko moduko falta izan zela. Esan eta izan. Realeko jokalari eta zale asko asaldatu ziren erabakiarekin, Braisen faltaren aurretik Busquetsek berak Take Kubo txuri-urdinari falta argia egin ziolako.

Hamar jokalarirekin, kanporaketa zeharo baldintzatuta geratuko zela zirudien. Atsedenaldira golik gabeko berdinketarekin iritsi ziren bi taldeak. Bigarren zatian, berriz, txuri-urdinek kikiltzeko asmorik ez zutela erakutsi zuten, eta Bartzelonaren atea bilatzen ahalegindu ziren. Ordea, ausart jokatzeak batzuetan bere galera dakar. Kontraeraso batean, Dembelek aurretik jarri zuen etxeko taldea, Alex Remiro atezain txuri-urdinaren laguntzarekin. Frantziarraren jaurtiketa urruntzen saiatu zenean, ate barrura bidali zuen baloia.

Dena kontra izanda ere, Reala berdinketaren bila abiatu zen, eta abagune oso garbiak izan zituzten. Alexander Sorlothena izan zen huts egin ezin den horietakoa. Baloia sareetara bultzatu ordez, langa gainetik bidali zuen. Kubo eta Olasagasti ere saiatu ziren –japoniarrak langara bidali zuen baloia lehen zatian–, baina Ter Stegen atezainarekin egin zuten topo. Geldiketa apartak egin zituen Bartzelonako jokalariak. Aukerak aukera, agortu zen denbora eta final-laurdenetarako txartela Bartzelonak eskuratu zuen.

Galdu arren, Realak neurketa ona jokatu zuen. Horrek ez ditu zale asko kontsolatuko, baina datozen hurrengo partida garrantzitsuei begira ona da txuri-urdinen momentua –garaipen bolada etenda ere–. Igandean, ligako neurketa jokatuko dute Santiago Bernabeu futbol zelaian Real Madrilen aurka. Dena ondo egin beharko dute punturen bat urratzeko, eta hori ez da ezinezkoa.

HITZAkide HITZAkide