Senra tabernaren parean elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak
“Gipuzkoako ostalaritza sekulako sektore prekarizatua da”. Hala salatu du LAB sindikatuak gaur goizean egindako elkarretaratzean: “Ehuneko handi bat ezkutuko ekonomian murgildurik dago, hitzarmenik gabe”. Asteartean jakin zenez, Senra jatetxeko eta Donostiako beste taberna batzuetako jabeak atxilotu zituzten langileak esplotatzeagatik.
LABek salatu dutenez, langileen “babesgabetasun egoera” aprobetxatzen zuten nagusiek, “lan-kontraturik gabe, atsedenik gabe eta egunean 12 eta 15 orduko lanaldia betez lan eginarazten zien enpresariak soldata miserable baten truke”. “Gastronomiagatik eta ostalaritzagatik goratutako postaleko Donostia honen atzean, esplotazio-eredu hori beren gorputzekin eusten duten langileen lan-baldintza lazgarriak daude. Arrazakeria, klasismoa, esplotazioa eta gehiegikeriak daude gero eta bortitzagoa eta baztertzaileagoa den txanpon horren beste aldean”.
LABek jakitera eman duenez, Senra jatetxean ustez langileek idatzitako gutun bat dago, egoera gezurtatzen duena. Ordea, sindikatuak uste du ez dela egiazkoa, izan ere, Hondarribian ere, jabe berberak kudeatutako beste Senra taberna bat badago, non egoera errepikatu egiten den, eta, dirudienez, langileek salaketa jarriko dute.
Langileei elkartasuna adierazteko boikotera deitu du LAB sindikatuak.