Behar zuten garaipena
Realeko neskek irribarrea berreskuratu dute ligan, azken bi neurketak galdu ostean –Valentziaren eta Teneriferen kontra–.
Izarne Sarasola atzelaria egindako gola ospatzen, Zubietan. (Argazkia: Reala) Sentsazio mingotsari buelta eman zioten atzo txuri-urdinek euren eraginkortasunarekin. Sporting Huelvari ondo irabazi zioten (4-0), eta Superkopako finalerdiarekin alderatuta, errazago lortu zuten arerioaren defentsa gainditzea. Amaiur Sarriegi aurrelari donostiarrak egin zuen aurreneko gola, Synne Jensen norvegiarrak beste bi egin zituen aulkitik aterata, eta Ibarrako Izarne Sarasola atzelariak borobildu zuen neurketa. Bolada txarra eten ostean, onari jarraipena emateko aurkari gogorra izango dute asteburuan: Real Madril.
Hain zuzen ere, Realeko mutilek aipatu berri dugun taldearen kontra aritu ziren atzo gauean, Santiago Bernabeu futbol zelaian. Kopako galera ahaztera atera ziren txuri-urdinak berdegunera, eta baita lortu ere. Berdinketa (0-0) balentria gisa har daiteke. Izan ere, Realak bederatzi jokalari zituen min hartuta partidaren atarian, eta Imanol Alguacil entrenatzaileak eskura zituenekin osatu zuen hamaikako lehiakorra. Hamargarren batek ere hartu zuen mina, Aritz Elustondok orkatila bihurritu zuelako. Gabeziak gabezia, txuri-urdinak lehiakor aritu ziren Real Madrilen aurka, eta urrezko puntua eskuratu zuten. Batez ere, defentsako lan onari eta Alex Remiro atezainak egindako geldiketa sortari esker.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ezin izan zion aurre egin Perfumerias Avenida indartsuari. Ez da beste denboraldi batzuetako talde sendoa, baina euren pistan ezer gutxi egin ahal izan zuten donostiarrek.
Izotz hockeyan, bukatu da liga erregularra emakumezkoetan, eta txanponaren beste aldea ezagutu dute Txuri Urdineko neskek. Pasa den sasoian liga irabaztetik, aurten partidarik irabazi gabe bukatu dute liga –denak galdu dituzte bat izan ezik; berdinketa bat–. Noski, titulurako kanporaketak ez dituzte jokatuko. Larunbatean, Puigcerdaren kontra galdu zuten (5-3). Antzeko emaitza izan zuten mutilek, eurek ere galdu egin zutelako Bartzelonaren pistan (6-4). Sailkapenean bosgarren tokian jarraitzen dute.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 17. jardunaldia
- Reala 4 – Sporting Huelva 0
Gizonezkoen liga, 19. jardunaldia
- Real Madril 0 – Reala 0
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Perfumerias Avenida 78 – Ibaeta Basket 60
Izotz hockeya
Emakumezkoen liga, 14. jardunaldia
- Puigcerda 5 – Txuri Urdin 3
Gizonezkoen liga, 13. jardunaldia
- Bartzelona 6 – Txuri Urdin 4


