Yago Agirre Alemaniako talde batean ariko da
Argitu da Yago Agirre txirrindulari donostiarraren etorkizuna. Loiolako Erriberako gazteak Alemaniako Saris Rouvy Sauerland Team taldearekin fitxatu du. Horrela, profesionaletara jauzia emango du donostiarrak. Kontinental mailako taldea da, eta Europako hainbat lasterketa korritzeko aukera izango du Agirrek. Denboraldia martxoan hasiko du Kroazian.
“Hazten eta ikasten jarraitu nahi dut. 2023. urtean ikusi nahi dut zertarako gai naizen kontinental mailan. Badakit gazte mailatik profesionaletara dagoen jauzia handia dela, baina uste dut hemen banago maila badudalako dela, eta ondo aritzeko konfiantza daukat”, adierazi du Agirrek.
Aurrerantzean, ikasketak eta txirrindularitza uztartuko ditu. Izan ere, Matematika Zientzien lizentziaturarekin jarraituko du Groningengo Unibertsitatean (Herbehereak).
Iaz, Espainiako gazte mailako txapelketa irabazi zuen Valladoliden, eta sasoi bikaina egin zuen Donostialdea Bizikletan taldearekin. Hedabide honek Agirre elkarrizketatu zuen txapelketa irabazi berritan.