Donostialdea Osasun Publikoaren Alde plataformak ere bat egin du hilaren 25eko manifestazioarekin
Donostiako osasun publikoaren aldeko martxa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik.
(Argazkia: Sara Ibarguren) ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, eta SME sindikatuek deituriko mobilizazioekin bat egin du Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) plataformak: “Osasun Publikoaren defentsa aktiboan mobilizatzera behartuta gaude beste behin, helburu horiek partekatzen ditugun gainontzeko erakundeekin batera”, nabarmendu dute. Herritar guztiei deitu diete Donostiako manifestazioan parte hartzera.
“Guztiok dugu kalitatezko osasun publikoa, duina eta unibertsala izateko eskubidea, ahalik eta osasun baldintza onenetan bizi ahal izateko”, aldarrikatu du DOPAk. “Hala ere, Osakidetzak, eta bereziki Lehen Mailako Arretak jasaten duten beren arduradun politikoek eragindako hondamen eta desegite egoera larri eta etengabearen ondorioz, herritarrek ezin dute eskubide hori behar bezala erabili”, salatu dute.


