Jaurlaritzak prentsa bidaietara dirua bideratu izana onartezina dela uste du Bizilagunekin plataformak
Italiako kazetariak jatetxe batean, errealitate birtualeko betaurrekoekin. Bizilagunekin plataformak kritikatu du Eusko Jaurlaritzak nazioarteko kazetariei bidaiak ordaintzea. Plataformak jakitera eman duenez Argia–k eginiko bi albisteren bidez izan dute gertakari honen berri. Itxuraz, Turismo Sailak, Italiako sei kazetariri ordaindu die bidaia, “Nazioartearekin harremanak estutzea” eta “Euskadirekin harremana familiarizatzea” xede.
Bizilagunekinek salatu duenez, Euskal Herriko hainbat tokitan gauzatutako luxuzko oporraldiko gastuek barne hartzen zituzten hegaldiak, hotelak, goi mailako jatetxeetan otorduak, bodegak, golfa eta abar. Era berean, argitaratutakoaren arabera, 2022an Eusko Jaurlaritzak 145.000 euro bideratu zituen 26 prentsa bidaiaren antolaketara.
“Egungo turismo-ereduak herritarren bizitzetan dituen ondorio zuzenak gero eta larriagoak dira”, Bizilagunekinen arabera. “Lan-prekarietatea, lurraldearen suntsitzea, auzoetako sare komunitarioen desagertzea, eta egun bizi dugun etxebizitza larrialdia EAEko herri eta hirietako turistifikazioaren ondorio dira, besteak beste. Testuinguru honetan, ikusten dugu Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa bisitariak erakartzera eta turismo-masifikazioa areagotzera bideratuta dagoela, aipatu prozesuak sortutako kalteez arduratu beharrean”. Honenbestez, plataformak uste du onartezina dela “aurrekontu publikoa press-trip-ak bezalako praktiketara eta, orokorrean, sustapen turistikora bideratzea”.
Plataformaren ustez, prentsa-bidaien praktikak agerian uzten du turismoaren planifikazio publikoak ez dituela herritarren beharrak eta iritziak kontuan hartzen, eta turismo-sektoreko inbertsiogileen eta patronalen mesedetan baino ez duela jokatzen: “Gardentasun falta osoz jokatzen dute instituzio publikoek, eta turismoarekin lotutako gaietan eztabaidari uko egiten diote arduradun instituzionalek”. Aldarrikatu dutenez, “herritarrei bizkarra emateari utzi eta turismo-ereduaren inguruko eztabaida publikoa irekitzea ezinbestekoa da”.

