Errugbi zelai "duin" baten aldeko sinadura bilketa abiatu dute
Bera Bera errugbi taldeko hainbat jokalarik eta gurasok SOS Rugby Donostia plataforma sortu dute, “Donostiako Udalak hiriko errugbiarekiko eta Anoetako mini estadioaren egoerarekiko duen utzikeria eta gelditasunari aurre egiteko asmoz”. “Plataformak eskatzen du errugbiarentzako udal zelai esklusiboa, non kirol eta gizarte arloko proiektua garatu ahal izango den, hiriko errugbiaren historiaren eta palmaresaren parekoa. Duela 30 urte existitzen ez den instalazioa nahi eta behar dugu, inguruko klub gehienek badutena”, gaineratu dute plataformakoek. Hain zuzen ere, udalari eskaera helarazteko sinadura bilketa egiten ari dira Change.org atarian, eta sinatzeko eskatu diete herritarrei.
Gaur egun, mini estadioan entrenatu ohi du Bera Berak, baina denbora asko daramate salatzen zelaia egoera txarrean dagoela. Ordea, arazoa aspaldikoa dela azaldu dute plataformakoek: “Hasiera-hasieratik, Bera Bera zelai batetik bestera ibili da, noraezean. Zementuzko zelaietan entrenatu du, txintxor zelaietan, inongo araudirik betetzen ez zuten zelaietan eta probintzia osoko zelaietan. Une hauetan, Donostia Kirolak kudeatzen dituen bi udal instalaziotan entrenatzen dugu: Anoetako mini estadioan eta Puioko belar artifizialeko zelaian, Vasconia futbol elkarteak kudeatzen duena. Puioko zelaia, hasiera batean, hockeya praktikatzeko eraiki behar zuten, baina teknikarien txosten baten ondoren, lehentasuna eman zitzaion errugbiari. Alabaina, azkenean futbola izan da instalazioa kudeatzen eta dominatzen amaitu duena. Gaur egun, Puio soilik astean bi arratsaldetan erabili daiteke errugbian aritzeko, eta gainera ordu berean lau taldek batera 25 metrotan entrenatu behar izaten dugu. Hori gutxi balitz, asteburuak futbolarenak dira, zelaia ez baitago homologatua ia kategoria bakar batean ere errugbi partidak jokatzeko”.
Horregatik, mini estadioa erabiltzen dute gehienbat, baina instalazio hori “gehiegi ustiatzen” dela eta “zaharkituta” dagoela deitoratu dute: “Azken finean, instalazio horretan atletismoa, eskola kirola eta kirol ekitaldi jendetsuak ere egiten dira, Donostia Kirolak kudeatzen duen erabilera anitzeko egitura baita. Zelai horren egoera, azken urte hauen ondoren, sinpleki negargarria da: lokatza, putzuak, funtzionatzen ez duen drainatze sistema, kirats jasanezina eta abar“.
Gainera, salatu dutenez, Bera Berak hainbat isun jaso ditu zelaiaren eta instalazioen egoerarengatik: “Klubak isunak jaso ditu zelaiko marrak marraztuak ez egoteagatik; izan ere, zelaiaren egoera tamalgarriaren ondorioz, langileentzako ezinezkoa zen horiek marraztea. Gutxi balitz, arazoa ez da soilik zelaia; oro har, instalazioak dira. Espainiako Errugbi Federazioak ere isuna jarri zigun arbitro bat ur hotzarekin dutxatu behar izan zelako”. Horrek guztiak klubarengan eragina duela kritikatu dute, bai kirol arloan eta bai ekonomia arloan.
“Plataformak 30 urtez korapilatu den arazo bati irtenbidea eman nahi dio, eta batez ere, Donostiako Udala Bera Bera Rugby Taldearekin mahaian esertzea, proiektu bat egituratzeko hiriko behar nabarmen bati konponbidea emango diona, zelai finkorik gabeko naufragoak izateari utzi nahi baitugu”, gehitu du plataformak.