Martxoaren 8an, sozialismoa aldarri
Azken urteotan egin bezala, Itaia antolakunde sozialistak ez du manifestazio bateratuarekin bat egingo, eta sozialismoaren aldeko mobilizazioa egingo du Martxoaren 8an, 18:30ean, Bulebarretik.
(Argazkia: Xalba Ramirez) Itaiak, emakumeen antolakunde sozialistak, martxoaren 8ari jartzen dion helburu nagusia antolakuntzarako deia egitea da. Leloa lekuko: Emakume langilea askatzeko, sozialismoa eraiki. «Antolakuntzarako dei argi bat da», Karla Legorburu Itaiako kidearen ustez (Antigua, 1999).
«Emakume langilearen zapalkuntzaren espektroa oso zabala da. Alde batetik, emakumea guztiz hipersexualizatuta egotearen ondorio diren egunerokotasuneko zapalkuntza formak ditugu: hain ezagunak diren eraso matxistak, kaletik goazenean jasaten ditugun biolentziaren edozein espresio eta abar».
Bestetik, lan arloan emakumeen esplotazioa kezkagarria dela uste du Itaiak. Zaintza eta garbiketa esparruak dira kezka gehien sortzen dutenak: «Argi dago emakumearen izaera sozial horrengatik, esplotazio ekonomiko argi bat gertatzen dela. Badaude subkontrata bidez funtzionatzen duten hainbat enpresa, emakumearen izaeraz baliatzen direnak etekin ekonomiko argiak ateratzeko: soldatak izoztuta mantenduz eta karrera profesionala ez ordainduz; hori guztia bizitza garestitzen ari den testuinguruan».
Manifestazioa, Bulebarretik
Mobilizazio bateratuaren ordu berean antolatu du Itaiak mobilizazioa, «bestelako estrategia bat» dutelako. Itaiaren ustez, «alderdi politiko insituzionalek, edo behintzat, aldarri soilik instituzionaletara bideratzen direnen mugak nabarmendu behar dira». Horregatik, «izaera instituzionala duten politiketatik kanpo eta kurtso osoko jardunaren baitan» kokatzen du Itaiak Martxoaren 8a.


