Manteoko plan bereziaren inguruko "desinformazio kanpaina" salatu du Ulia Auzo Elkarteak
Udal gobernuari eskatu diote proiektuaren "erreferendum bat" egiteko, "behin betiko" erabakia hartu aurretik.
Donostiako Udal Gobernuak pasa den astean onartu zuen U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren Hiri Antolamendurako Plan Berezia. Horren bitartez, Basque Culinary Center fundazioak bere bigarren egoitza eraiki ahal izango du Grosen, Manteo inguruan.
Ulia Auzo Elkarteak, ordea, udalak zabalduriko informazioa zalantzan jarri du ohar baten bitartez. Zehazki, BCCk eta udalak hirigintza proiektuaren inguruko “desinformazio kanpaina” bat abian jarri dutela ohartarazi dute. “Manteoko eta Zemoriako parkeen ustezko desagerpenaren aurrean gizartearen gehiengoa aurka dagoela ezkutatzen ari dira”, salatu dute.
2010eko Plan Orokorrak Okendo Alde lursail publikoan adinekoentzako eta gazteentzako etxebizitzak eraikitzea aurreikusten du. Auzo elkarteak dio udal gobernuak etxebizitza horiek erabili nahi dituela BCCren proiektu pribatua aurrera eramateko. “Espero dugu zentzutasuna nagusituko dela justizia auzitegietara jo beharrik gabe, nahikoa argudio daudelako proiektua leku egokiagoetan kokatzeko, hirigintza plangintza bati erantzuteko, eta ez beren zerbitzura dauden pertsonen eta erakundeen gutiziari erantzuteko”, azaldu dute. Hori dela eta, udalari hirigintza proiektuaren inguruko “erreferendum bat” egiteko eskatu diote, “behin betiko” erabakia hartu aurretik.
Bestalde, auzo elkarteak hedabideei eskatu die udalak “ezkutatzen eta desitxuratzen” dituen datuak argitaratzeko. Izan ere, aurkezturiko alegazio kopurua “askoz handiagoa” dela diote. Udalak onarturiko alegazioak 50 inguru zirela jakinarazi zuen. Aldiz, Ulia Auzo Elkarteak dio 7.856 direla guztira: “Plan bereziari aurkezturikoak 1.966 dira, lur lagapenaren kontrakoak 2.390 eta sinadura bidez lorturikoak 3.500”.