Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Donostiako plaza turistikoen kopurua %50 inguru igo da azken urteotan

Gaur egun 162 hotel eta pentsio daude hirian, 2015ean baino 43 gehiago. Aldiz, 1.352 etxebizitza turistiko daude erregistratuta.

Arbaso_hotela Erdialdeko Arbaso luxuzko hotela 2020an ireki zuten.

Donostiako Udal Gobernuak hotel eta etxebizitza turistiko berriak irekitzeko baimenak behin-behinean bertan behera utzi ditu. Pasa den astean iragarritako neurria atzoko Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuten, eta martxoa bukaerako osoko bilkuran onartuta sartuko da indarrean. Hain zuzen ere, azken urteotako plaza turistikoen gorakadarengatik hartu dute erabakia.

2021etik Hirigintza Sailak ez du hotel berri bat irekitzeko lizentzia eskaerarik izan. Horrela ere, urtebete inguruko “moratoria” ezarri dute. 2019ko martxoan ere antzeko neurria hartu zuten. Orduan, bizitegi eraikinak hotel bihurtzeko plan berezi bat onartzeko baldintza ezarri zuten.

Azken bi legealditan, nabarmen hazi da hotel, pentsio eta etxebizitza turistiko kopurua. Eustaten datuen arabera, egun 162 hotel eta pentsio daude hirian –2015ean baino 43 gehiago–. Horietan 3.825 gela eskaintzen dira. Hurrengo urteetan beste bosten bat handituko dela aurreikusten du udalak –bost hotel berri irekiko direlako–.

Etxebizitza turistikoen kasuan, udalak bi multzotan bereizten ditu. Batetik, erabilera turistikoko etxebizitzak daude, hiriko bizitegi eraikinetan jarritakoak –udal gobernuak etxe turistikoen ordenantzaren bidez arautu zituenak–. Gaur egun, 1.352 etxebizitza turistiko daude erregistratuta, eta horiek 5.700 plaza inguru eskaintzen dituzte. Azken hamarkadan hazkunde nabarmena izan dute. Bestetik, apartamentu turistikoak daude, eta horiek hotelen antzekoak dira, baina harrerarik gabe. Hau da, eraikin oso bat hotel bihurtu ordez, etxebizitza turistikoez beterikoak dira.

Udaleko iturrien arabera, establezimenduen gorakada bisitari kopuruaren hazkundearekin batera gertatu da, “zeinek zeini eragiten dion jakin ahal izan gabe”. 2019tik %16 igo da Donostiara datozen turisten kopurua: 862.872 hartu zituen 2022an. Horiek 1.747.541 gau eman zituzten Donostiako geletan, 2019an baino %14 gehiago.

Haritik Hirira geografo taldeak 1871tik 2021era bitarteko ostatuen eskaintzaren bilakaera mapa dinamiko batean jaso zuen.

HITZAkide HITZAkide