Udalarekin bildu dira Bera Bera errugbi taldeko arduradunak
Bera Bera errugbi taldekoek pasa den asteburuan mini estadioan egindako protesta. Argazkian ikusten denez, mini estadioaren egoera ez batere ona. (Argazkia: SOS Rugby Donostia) Bera Bera errugbi taldeak denbora darama Anoetako mini estadioaren egoera txarra salatzen, eta udalarekin bildu ziren astelehenean, egoerarentzako irtenbide bat bilatzeko. Bera Berak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Eneko Goia alkatearekin eta Martin Ibabe Kiroletako zinegotziarekin bildu ziren klubeko arduradun batzuk, “zelaiaren egoera txarrarekin dagoen arazoa aztertu eta horri eman beharreko irtenbideak aztertzeko”.
Klubak azaldu duenez, udalak “konpromisoa” hartu zuen “hurrengo asteetan errugbiaren egoera konponduko duen proposamen bat egiteko”. Udaleko iturriek Bera Berak esandakoa baieztatu dute, baina momentuz ez dute aztertzen ari diren aukeren xehetasunik eman. Bera Berak “eskerrak” eman dizkio udalari lehen urrats hori eman izanagatik, eta proposamenaren zain gelditzen direla nabarmendu dute, “laster” jasoko dutelakoan.
Gogoratu behar da mini estadioaren afera aspalditik datorrela, baina azken asteotan ikusgarriago egin dela, besteak beste, Bera Bera errugbi taldeko hainbat jokalarik eta gurasok SOS Rugby Donostia plataforma sortu baitute. Change.org atarian sinadura bilketa egiten ari da plataforma, udalari eskatzeko irtenbide bat eman diezaiola egoerari.

