Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?
Kirol emaitzak

Txuri Urdinek lehen pausoa eman du kopan aurrera egiteko

TxuriUrdin Txuri Urdinen eta Majadahondaren arteko partida. (Argazkia: Txuri Urdin)

Liga luze egin zitzaien arren, Txuri Urdin izotz hockey taldeak hobera egin zuen azken txanpan. Kopako final-laurdenetako lehen partidan joko bolada on hura mantentzeko gai izan ziren larunbat gauean, eta Majadahonda menperatu zuten (4-2). Neurketa lehiatua izan arren, donostiarrek markagailua euren alde jartzea lortu zuten, eta baita errenta hori mantentzea ere. Aurreneko garaipena zakuan, bigarrenaren bila abiatuko dira datorren asteburuan Kataluniara. Puigcerda indartsuaren izotz pistan ariko dira.

Belar hockeyan, Realeko neskek partida bikaina jokatu zuten atzo Taburiente liderraren aurka. Ordea, ez zen nahikoa izan irabazteko (1-2). Kanariarrak bigarren zatian aurreratu ziren, baina txuri-urdinek berdintzea lortu zuten. Horrela ere, ez ziren gai izan berdinketa garrantzitsu horri eusteko. Etenaldiak ez dio Realari mesede egin, bitik bi neurketa galdu dituztelako.

Futbolean, pozik egoteko arrazoiak dituzte Realeko neskek eta mutilek. Biek irabazi zuten, baina partidak zeharo desberdinak izan ziren. Zubietako euskal derbia zeharo eroa eta gol askokoa izan zen. Txuri-urdinak 3-0 aurreratu ziren markagailuan, baina arabarrak ez ziren kikildu. Azkenean, neurketa 6-5 bukatu zen, Realaren garaipenarekin. Bestalde, gizonezkoek, azkenik, berriz ere Anoetan irabaztea lortu zuten. Elx azken sailkatuari golak egitea kostatu arren, txuri-urdinak izan ziren garaipenaren bila joan ziren bakarrak. Horrela, 2-0 bukatu zen norgehiagoka, eta Realak sailkapen nagusiko laugarren postua indartu du.

Saskibaloian, Ibaeta Basketek partida bikaina jokatu zuen Gaska kiroldegian, eta aise menderatu zuten Leganes (81-54). Garaipenari esker arnasa har dezakete Azu Muguruzaren neskek.

EMAITZAK

Izotz hockeya

Gizonezkoen kopako final-laurdenak, lehen jardunaldia

  • Txuri Urdin 4 – Majadahonda 2

Belar hockeya

Emakumezkoen ohorezko maila, 13. jardunaldia

  • Reala 1 – Taburiente 2

Futbola

Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia

  • Reala 6 – Alaves 5

Gizonezkoen liga, 25. jardunaldia

  • Reala 2 – Elx 0

Saskibaloia

Emakumezkoen liga, 26. jardunaldia

  • Ibaeta Basket 81 – Leganes 54
HITZAkide HITZAkide