Lurraren defentsan, hitzaldiak antolatu dituzte Donostiako hainbat kolektibok
Joan den otsailean Donostian egin zuten prentsaurrekoa, manifestaziora deituz. Martxoak 29 asteazkenean, Donostian hitzaldia emango dute Baztango Erdiz Bizirik eta Zizurkilgo Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeek, 19:00etan Groseko Okendo Kultur Etxean. Bestetik, maiatzaren 2an Antonio Turiel zientzialari ezagunarekin beste hitzaldi bat prestatu dute. Donostian solasaldi hauek Satorraiala, Haritzalde, Uliako Lore Baratzak eta Ekologistak Martxan taldeek elkarrekin antolatu dituzte.
Antolatzaileen ustez, “azken aldi honetan natur guneak eta landa ingurunea gogor kaltetzen dituzten azpiegitura eta proiektu berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara”. Hitzaldi honetan, Erdiz Bizirik taldeko Antton Laurnaga eta Maria Goienetxe kideek Baztango Erdizko mendi-lurretan (Saioa mendialdean) Magnesitas de Navarraren harrobi meategi berria zabaltzearen ondorioak azalduko dituzte.
Haiekin batera, Zizurkilgo Ezkeltzu mendian Green Capital enpresak eraiki asmo duen zentral eolikoak kaltetutako abeltzain eta Andatza-Ezkeltzu Bizirik taldeko Ttale Lizarraga eta Ainhoa Gil kideek ingurunean eragin handia duen proiektu hori bertan behera uzteko dauden arrazoien eta egiten ari diren borrokaren berri emango digute.
Maiatzaren 2an Antonio Turielen hitzaldia:
Bestalde, maiatzaren 2an Antonio Turiel zientzilari ikerlariak Energia berriztagarrien makro-proiektuak eta zentral eolikoak eztabaidan izenburupean hitzaldia emango duela iragarri dute, Uliako mintegien parkean.
Hitzaldi hauetan jorratuko diren gaien harira, Erdiz Bizirik taldeak apirilaren 22an Iruñean Landa Eremuaren Defentsan: Lurraren osasuna, gure etorkizuna lemapean manifestazioa deitu du. Halaber, hainbat taldek eta mugimenduk baterako ekimenean Gasteizen maiatzaren 20an manifestazio garrantzitsu bat egiteko deia zabaldu dute Lurraren defentsan: Euskal Herria bizirik! lelopean.

