"Asko betetzen nau soinu efektuen munduak"
Eibarkoa den arren, hamar bat urte daramatza Donostian bizitzen, eta ekainean zortzi urte beteko dira Egiara etorri zenetik. Hain zuzen ere, Egian ireki du Lera soinu estudioa Haritz Lete soinu teknikariak. Cobra taldeko abeslaria eta Kokein taldeko bateria ere bada.
Haritz Lete soinu teknikaria eta musikaria. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Azken urteotan hainbat soinu estudiotan lanean aritu ostean, zurea abian jartzeko unea iritsi da?
Denbora neraman nire kabuz lanean beste estudio batzuetan. Ordea, nire estudio propioa irekitzeko unea zela konturatu nintzen. Eremu mugatuan nenbilen, eta nire bidea egiten saiatzea erabaki dut. Urtetan langile soil moduan ibili naiz, baina hori aldatzeko unea iritsi da. Horrela jaio da Lera estudioa. Hemen soinu edizio eta postprodukzio lanak egin ditzaket, mugarik gabe. Dena dela, beste estudio batzuetan lan egiteko aukera ez dut baztertzen.
Zergatik hautatu duzu Lera izena?
Lera da elurretan ibiltzeko erabiltzen den ibilgailua. Era berean, grina eta pasioa da. Mundu hau da nire pasioetako bat, soinuarena. Bestea, jakina denez, musika da. Kokein taldearekin Lera izeneko lan laburra argitaratu genuen. Nik hitza ez nuen ezagutzen, eta Zaloak [Kokeineko abeslariak] proposatu zuen, eta gustatu zitzaigun. Ideia horrekin buruan, estudioarentzat izen aproposa iruditu zitzaidan. Motza eta erraza da. Hori da izenaren gakoa.
Musikari gisa ezagunagoa zaren arren, soinuaren munduan ibilbide luzea daramazu, ezta?
Horrela da, bai. Unibertsitatean ingeniaritza tekniko eta elektronikoa ikasten hasi nintzen, baina uztea erabaki nuen. Urte hartan, Euskadi Gaztean esatari moduan hasi nintzen eta Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan egin nituen ikasketak. Han egin nituen pare bat urte. Ondoren, Euskadi Irratian aritu nintzen soinu teknikari moduan beste pare bat urtez. Eskolako praktikak ere han egin nituen. Euskadi Irratian etorkizun askorik ez zegoela ikusita, dei batzuk egiten hasi nintzen. Orduan Antiguan zegoen REC estudioa teknikarien bila zebilela jakin nuen. Praktikak egiteko hartu ninduten, eta han geratu nintzen. 2000. urtetik 2019ra bitarte egon nintzen REC estudioan. Asko ikasi nuen soinu postprodukzioaz eta bikoizketaz. Pro Tools programa erabiltzen han ikasi nuen. Pandemia iristean itxi zuten.
Gerora, beste estudio batzuetan aritu naiz soinu postprodukzioa egiten. Hamabost bat filmen soinuaren edizioan parte hartu dut. Nire azken lanen artean daude Black Is Beltza 2: Ainhoa eta Irati filmak.
Lera estudioan zein eratako grabazioak egiten dituzu?
Denetarik egin dezaket. Lokuzio sinple batetik film oso baten soinu postprodukziora bitarte dagoen guztia: publizitatea, antzerkirako audioak, soinu efektuak askotariko ikus-entzunezkoentzat, audio didaktikoak haurrentzat… Hau da, soinuaren munduan dagoen ia edozer. Gainera, lan eskaera desberdinei aurre egiteko 5.1 sistema muntatu nuen, zinemarako soinu nahasketak egin ahal izateko.
Grabazio estudioekin alderatuta, soinu estudioak zinemagintzari eta bikoizketari lotuak daude. Horretan espezializatu zara?
Egia da zinemagintzari loturiko lan asko egin ditudala, eta aitortu behar dut oso gustuko dudala. Zinemagintzan audioak izan duen bilakaera oso deigarria da. Garai batean gehienok beste modu batera lan egiten genuen. Zuzeneko soinua oso garrantzitsua zen, eta gero postprodukzioan gehitu ohi ziren giroak eta foley edo soinu efektuak.
Hori asko aldatu da denborarekin eta teknologiarengatik. Lan egin dudan azken filmetan, ia gehienetan, elkarrizketak utzi eta gainerako guztia berregin dugu. Esaterako, Hil Kanpaiak eta Operación Concha filmetan ia dena berregin genuen.
Foley edo soinu efektuak aipatu dituzu. Bistan da gustuko dituzula.
Bai, noski. Asko betetzen nau soinu efektuen munduak. Oso teknikoa da, baina sorkuntza ere garrantzitsua da. Zure ekarpena egin dezakezu soinu postprodukzioan, eta hori asko gustatzen zait.
Orain arte parte harturiko zein film nabarmenduko zenuke zuk egindako ekarpenarengatik?
Hil Kanpaiak aukeratuko nuke, asko gozatu nuelako. Prozesu osoan parte hartu nuen foley efektuak egiten, batez ere. Film osoa egiteko aukera izan nuen. Imanol Rayo zuzendariak gauzak oso argi zituen. Nik proposatu nizkion gauza batzuk bidean geratu ziren, eta beste batzuk aintzat hartu zituen.
Estudio propioak zer nolako harrera izan du?
Harrituta nago. Askok bazekiten soinu teknikaria nintzela, baina estudioa ireki dudanetik jendeak beste modu batera begiratzen nau. Alegia, teknikari izatetik estudio bat izatera alde nabarmena dagoela. Denbora daramat soinuaren munduan lanean, baina dirudienez estudio bat irekitzea falta zitzaidan nire lanari ikusgarritasuna emateko. Harrerari dagokionez, bezero ugari lortu ditut, eta askok interesa agertu dute. Pozgarria da hori.
Beraz, lanik ez zaizu falta.
Momentuz, ez. Laster Telmo Iruretak parte hartuko duen film baten soinuaz arduratuko naiz. Eta, noski, soinuarekin loturiko beste hainbat lanekin jarraituko dut.


