Larrotxene, irisgarriago eta material hobearekin
Bederatzi hilabeteko lanen ostean, irekita dago berriz ere Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxea. Bi helburu argirekin egin dituzte lanak: eraikinaren irisgarritasuna hobetzea eta Larrotxene Bideo zerbitzua material berriarekin indartzea.
Intxaurrondo kalean dago Larrotxene Kultur Etxea, garai batean Larrotxene baserria zegoen tokian. Baserriaren eraikina bera da kultur etxea, 1984an Donostiako Udalak eraikinaren jabetza eskuratu eta handik hiru urtera kultur etxe gisa ireki zuenetik. «Lau kultur etxe ireki ziren Donostian garai hartan: 1986an, Altzako Casares Kultur Etxea, eta 1987an, Loiolakoa, Okendo eta Larrotxene, Gipuzkoako Foru Aldundiak zuen plan berezi baten bitartez», gogoratu du Donostia Kulturako Kultur Ekintzako zuzendari Jon Aizpuruak.
Ordea, Larrotxene berritu beharra zegoela aitortu du: «Larrotxenen arazo nagusi bat genuen: irisgarritasuna». Dioenez, 1987an eraikitako kultur etxe bat izanik, ez zen bermatzen herritar guztiak kultur etxeko leku guztietara iritsi ahal izatea: «Argi genuen irisgarritasun hori bermatu behar genuela; ez soilik igogailu bat jarriz, baita komunen egokitzapen batekin ere».
Horrela, iazko uztailaren bukaeran itxi zuten gunea, irisgarritasuna bermatzeko lanak abiatzeko eta, bide batez, Larrotxene Bideo zerbitzuko eremua eta materiala txukuntzeko eta berritzeko. Lanen kostu osoa 950.000 eurokoa izan da.
Igogailu berezia
Irisgarritasuna hobetzeko garaian, igogailua jartzea izan da esku hartze nagusia, baina arazoak izan dituztela azaldu du Aizpuruak: «Larrotxene baserri bat izanda, igogailu berezia jarri behar izan dugu, neurriak ez baitziren estandarrak. Hori dela eta, arazoak izan ditugu hainbat piezarekin, batzuk kanpotik ekarri behar izan ditugu. Horregatik, atzerapenak izan ditugu».
Larrotxene Bideo zerbitzuko materiala, aldiz, «aspaldi» erosi zutela nabarmendu du Donostia Kulturakoak: «Larrotxene Bideo ere txukundu nahi genuen, baita ekipamendu berria erosi ere. Azken belaunaldiko teknologia erosi nahi genuen eta hori egin dugu, baita altzari berriak jarri ere. Ikus-entzunezko material hori guztia erosteko lehiaketa publikoa denborarekin egin genuen, bagenekielako arazoak zeudela zenbait ekipamendu lortzeko. Aspaldi lortu genuen materiala, eta kultur etxean dago jada, erabilgarri».
Larrotxene Bideo indargune
Larrotxene Bideo zerbitzua da Intxaurrondo Zaharreko kultur etxeko indargune nagusia, eta horregatik indartu nahi izan dute, «material berria jarriz eta eremua txukunduz», Aizpuruaren arabera. «Denok dakigu Larrotxene Bideok ibilbide garrantzitsua egin duela eta zinemagile asko atera direla hemendik: Moriarti ekoiztetxekoak, Leire Apellaniz, Pablo Malo [gaur egun, irakasle lanetan dabil Larrotxene Bideon] eta abar. Hasiera batean, ikasle moduan joan ziren, eta gero profesionalki hartu dute bide hori. Bestalde, bi pertsona mota ditugu Larrotxene Bideon: hemen hasten direnak eta mundu profesionalera pasatzen direnak, eta Larrotxene Bideon proiektu propioak garatzen gelditzen den jendea, mundu profesionalera pasatu gabe», azaldu du.
Proiektu horiek guztiak ekainaren bukaeran Antzoki Zaharrean antolatu ohi duten Bideoaldian aurkezten dituzte, eta «urtero betetzen da», nabarmendu du Kultur Ekintzako zuzendariak. «Zinemaldiaren garaian Groseko Trueba zinema aretoan ere aurkezten ditugu proiektu horiek, Zinemaldiaren egitarauaren barruan», gehitu du.
Ildo horretatik, Larrotxene Bideok «hutsune bat» betetzen duela nabarmendu du Aizpuruak: «Tabakalerako Elias Kerejeta Zine Eskola ere hor dago, baina bateragarriak dira, Larrotxene Bideok beste hutsune bat betetzen baitu, oso garrantzitsua».
Normaltasunez irekita
Pazko astean ireki zuten Larrotxene Kultur Etxea, Aste Santuko ordutegiarekin. Ordea, astelehenetik normaltasun osoz dago irekita, neguko ordutegiarekin: astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era.
Horrela, ikastaroak Larrotxenera itzuli dira, lanek iraun duten bitartean Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartearen lokalean egin baitituzte. Bideo ikastaroei dagokienez, aldiz, Intxaurrondo Kultur Etxean egin dituzte ikasturte honetakoak, hango materialarekin, eta gehienak han bukatuko dituztela azaldu du Aizpuruak.
Donostia Kulturakoak gaineratu duenez, auzoko jendea pozik dago kultur etxe berrituarekin: «Auzoko elkarteekin bisita egin genuen, eta pozik agertu ziren, oso polita gelditu baita. Betiko martxan jarraituko dugu orain, jarduera ugari eta oso arrakastatsuak egin ohi baititugu Larrotxenen. Momentu batean, Intxaurrondo Zaharrean bazirudien soilik jende heldua geldituko zela bizitzen, baina azken urteotan jende gaztea etorri da, eta hori nabaritzen da kultur etxean».