7.000 etxebizitza berri eraikitzeko promesa egin du EH Bilduk
Agerraldia egin du kanpainaurre betean den Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaiak, etxebizitzaren gaia hizpide hartuta. Izagirrerentzat, “gero eta zailagoa da” Donostian etxebizitzarako sarbidea lortzea. “Azkeneko urteotako etxebizitza politikaren ondorioetako bat” dela uste du: “Udal gobernu honek ez ditu bere esku egon zitezkeen tresna guztiak erabili etxebizitzara sarbidea bermatzeko”.
2015eko Etxebizitza Legea gogoratu du, eta “ematen dituen aukerak” ez erabiltzea aurpegiratu dio Goiari, “etxebizitza hutsak alokairuaren merkatura bideratzeko” aukera, besteak beste. Gaineratu duenez, “EAJko alkateak promozio berrietan etxebizitza publikoen kopurua minimora mugatu du”.
Donostia tentsio handiko eremu gisa izendatzeko bere konpromisoa adierazi du EH Bilduk, “alokairuaren prezioak arautu ahal izateko”.
Gaur egindako agerraldian “konpromiso” gehiago adierazi ditu: “Donostiarrentzat aukerak sortzeko eta etxebizitzara sarbidea bermatzeko 7.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko aukera iragarri nahi dut”.
“Alokairuan esku-hartzea ezinbestekoa den moduan, etxebizitza berriak eraikitzea ere bada”, esan du Izagirre alkategaiak, gogora ekarriz donostiar askok utzi behar izan dutela euren auzoa eta hiria “etxebizitza eskuratzeko ezintasunaren ondorioz”.
Izagirrek 7.000 etxebizitza egingo dituela agindu du: 3.000 inguru Urumearen ertzean (Hauetatik 1.200 Loiolako kuartelen lur eremuan eta 1.750 Txomin enea, Lorategi Hirian eta Martutenen); 800 Ibaetan; 280 Eason, trenbidea lurperatu ostean; 250 Esnabiden; 230 Zardoya-Otisen.
Donostiako gaur egungo udal gobernuak jada aurreikusten ditu eraikuntza hauek, gaur bertan IRUTXULOKO HITZA-k laburbildu duen moduan. Donostiako Udalak, hain zuzen, 6.328 etxe berri aurreikusten ditu.
Udalak aurreikusten ez duen proiektu baten inguruan aritu da gaurko agerraldian EH Bildu. Intxaurrondoko GI-20 saihesbidea, hain zuzen. Izagirrek 2.500 etxebizitza egin nahiko lituzke bertan, “publikoak guztiak”.