Izarretatik gertuago
Realak etxeko lanak egin zituen atzo, Almeriari Anoetan irabazita (1-0). Txuri-urdinek eskura dute Txapeldunen Liga.
Take Kubo amesgaizto bihurtu zen Almeriako atzelarientzat. (Argazkia: Reala) San Mamesen galdu izanak hauspotu du Realaren denboraldi bukaerako bolada erabakigarria. Ez dute berriz ere galdu, eta datorren sasoian Txapeldunen Ligan, izarren artean, aritzeko aukera ziurtatzear dira. Hain zuzen ere, Vila-realek gaur irabaziko ez balu, txuri-urdinak matematikoki sailkatuko dira bi jardunaldiren faltan.
Camp Nouen ezustekoa eman eta Bartzelona mendean hartu ondoren, partida garrantzitsuagoa zuten atzo, Anoetan. Jaitsiera postuetatik urrundu nahi duen Almeria zuten arerio, eta jakina zen ez zela partida erraza izango. Horrela ere, Realak dituen baliabide onenak erabili zituen urrezko hiru puntuak eskuratzeko. Hainbat aukera izan zituzten andaluziarren ate aurrean, baina neurketako balantza desorekatu zuena Luis Suarezen txartel gorria izan zen. Sarrera itsusia egin zion Robin Le Normand txuri-urdinari, eta VAR gelatik epaileari esan zioten txartelaren kolorea gorria behar zuela izan. Lehen zatia bukatzear zela, Take Kubo japoniarrak bakarkako jokaldi zoragarri batean sartu zuen partidako gol bakarra. Aparta, benetan. Bigarren zatian, Realak izan zuen kontrola, aukerak sortu zituzten, baina markagailua ez zen aldatu.
Atzo irabazita, laugarren postua ziurtatzeko urrats serioa egin zuten txuri-urdinek. Izan ere, bi partida falta dira –Atletico Madrilen kontra Wanda Metropolitano zelaian eta Sevillaren aurka Anoetan–, eta ia egintzat dute izarren artera bueltatzeko balentria. Hori bai, atzo bi marka hautsi zituen taldeak. Denboraldi batean 29 garaipen eskuratu dituen lehen aldia da, Imanol Alguacil entrenatzailearen meritua –marka borobiltzeko bi neurketa falta dira–, eta atea hutsean utzi zuen 23. aldiz Alex Remiro atezainak.

