Ahotsa goratu dute Martuteneko eta Txomineko herritarrek
300 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Martutene Bizirikek eta Lanberri auzo elkarteak antolaturiko martxan.
Udal gobernuari eskaera zehatzak egiteko atera ziren kalera, atzo arratsaldean. Osasun, kirol eta kultur ekipamenduak behar dituzte Martutenen eta Txomiñenean. Horregatik, Martuteneko behin-behineko biribilgune ahaztutik Txomineko Arteleku plaza berrirainoko bidea egin zuten 300 pertsona baino gehiagok. Ahotsa goratu zuten, Donostiaren kanpoaldean bizi diren arren, beraiek ere donostiarrak direlako.
“Legealdi galdua izan da. Etxebizitza berriak eraikitzea izan da lehentasuna, baino auzoak behar dituen udal ekipamenduak ez ditu oraindik bultzatu udal gobernuak. Kirol eta kultur ekipamenduak ahaztu dituzte EAJk eta PSE-EEk, nahiz eta promesa egin zuten orain dela lau urte hauteskunde garaian, eta Hirigintza Planean aurreikusita egon eta udalbatzak onartu arren. Lanberrik hainbat aldiz eskatu du eraikin hauek definitzeko prozesua bultzatzea, baina isiltasuna jaso dugu”, adierazi du Lanberrik.
Martuteneren egoera antzekoa dela adierazi du Martutene Bizirikek: “Bi auzoek partekatzen dugun osasun zentroa, orain dela 40 urte edo gehiagokoa, zaharkitua gelditu da. Kirol ekipamendurik ez dugu eta kultur ekipamendu murriztuak ditugu”. 2022ko urtarrilean auto batek Arantzazuko Ama ikastolaren hesiaren kontra jo ondoren, neurririk hartu ez dela salatu dute, “nahiz eta auzoko eragileekin izandako bilera bakarrean baiezkoa jaso”.
Hona hemen Martutene Bizirikek osaturiko argazki bilduma: