Gizarte bazterketa egoeran dauden 17.000 lagun artatu zituen iaz Caritasek
Caritaseko kideak errege opil solidarioa saltzen Gipuzkoa plazan, iaz. Beñat Parra Gipuzkoako Caritasek 2022ko txostena aurkeztu du Gipuzkoako pobreziaren eta gizarte bazterketan daudenen egoeraren berri emateko. 2022an, 17.213 lagun izan dira Gipuzkoako Caritasen laguntza sozioekonomikoen onuradunak, hau da, gutxi gorabehera 6.060 familia.
Laguntza ekonomikoek, beraz, gora egin dute eta pertsona eta familiei, guztira, 3.157.322 euroko laguntzak eman dizkiete. Batez ere, bizirauteko premietarako eta etxebizitzako gastuetarako laguntzak izan dira. 2021. urtearekin alderatuta, “zertxobait” egin du gora artatu dituzten pertsonen eta familien kopuruak. Bi dira artatu dituzten kolektibo nagusiak: kale egoeran dauden pertsonak eta emakume migratzaileak.
Lehen taldeari dagokionean, 18 eta 44 urte bitarteko gizon migratzaileak direla eman dute jakitera. Emakume migratzaileen kasuan, aldiz, nabarmendu dute, egiturazko ezberdintasunak pairatzen dituztela, eta artatuen %56 direla.
Euskadiko bazterketari eta garapen sozialari buruzko 2021eko Txostenak gogorarazten digu Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 16,3 daudela gizarte-bazterketa egoeran, hau da, Erkidegoko sei biztanletik bat —360.000 pertsona inguru— bazterketa egoera larri edo moderatuan daudela.
Arrakalak indartuta
Euskadiko gizarte-bazterketako egoeretarako txostenak planteatzen dituen “arrakaletako hiru indartu dira”, Caritasen ustez: “Jatorri atzerritarreko pertsona bat buru duten 10 familiatatik ia 6 bazterketa egoeran daude; 30 urtetik beherako biztanleen bazterketa tasa batez besteko baino 1,5 handiagoa da eta 65 urtetik gorako biztanleena baino hamar aldiz handiagoa; Genero-arrakala oraindik ere presente dago gizonek sostengatutako etxeak eta emakumeek sostengatutako erkatuz gero, zeinetan gizarte-bazterketaren intzidentzia % 15,5 eta % 18,1 den, hurrenez hurren”.
Gipuzkoako Caritasen artatzen dituzte pertsonen % 81 atzerritarrak direla jakitera eman dute: “Ukaezina da bizi duten gizarte bazterketaren zati handi bat lotuta dagoela atzerritarrei buruzko legearen esparru murriztailearekin”. Kausa horri, prestazio publikoak eskuratzeko zailtasunak –errolda-denbora, adibidez– eta gizart -laguntzako sarerik eza –ez dute hurbileko familia nahikorik laguntzeko– gehitzen zaizkiola uste du Caritasek.
Adinari dagokionean, artatzen dituzten pertsonen %51 18 eta 44 urte artekoak dira, eta horiei, 18 urtetik beherako pertsonak m(% 28) gehituz gero, artatutako biztanleriaren % 80 osatzen dute. Hau da, Gipuzkoako Caritasek aratzen dituen biztanleen % 80, 44 urtetik beherakoak dira. “Adierazle horrek kezkatu egiten gaitu eta erronka jotzen die gizarte-erakundeei zein administrazio publikoei talde sozial horren etorkizun duina ahalbidetuko duten neurriak hartu eta politika publikoak gara ditzaten”.
Generoari lotuta, Gipuzkoako Caritasen 2022an artatutako pertsonen % 56 emakumeak izan dira. Aurreko urtearen aldean, %5 hazi da talde hori. Horrek “egiaztatzen du” pobrezia etengabe ari dela feminizatzen. “Genero arrakala bereziki larria da emakume bat buru duten guraso bakarreko familietan. Pertsona talde horietan, gizarte-bazterketa % 32 ingurukoa da eta larriagotu egiten da 45 urtetik beherako emakumeen artean”.
Migratzaileak “hartu, babestu eta sustatu”
“Francisco aita santuak gogorarazten digu gizarte gisa migratzaileak hartu, babestu, sustatu eta gure artean gizarteratzeko erronka dugula”, adierazi dute Caritasekoek.
Aita Santuaren hitzak jarraituz, Caritasekoentzat “onartezina da jarrera xenofoboak partekatzea, batzuetan lehentasun politiko batzei lehentasuna ematea norberaren fedearen eta gure giza izaeraren uste sakonen aurrean”.

