Zea Maysek jaso du bere Adarra saria
Donostiako Udalak kultur arloan ematen duen sari garrantzitsuena jaso zuen bart Zea Maysek. Eneko Goiak banatu zuen Adarra saria Viktoria Eugenian, ekitaldi honetan jada ohikoak diren txistu artean.
Zea Mayseko Aiora Renteriak jaso zuen saria, eta bertakoei eskerrak eman ostean, aitortu zuen bera abesten dela ona, eta ez hitz egiten. Esan eta egin. Diskurtso laburraren ostean etorri zen ordu eta berrogei minutuko kontzertua. Lagunez inguratuta, eta bere errepertorio zabala eskainiz. 25 urtetik gorako ibilbidea erraz esaten da eta.
Igor Elortzak eta Rafa Ruedak ireki zuten saio hunkigarria, hainbat bertsorekin. Eta jarraian etorri ziren lagun guztiak: Elena Setien, Olaia Inziar, Francis Diez, Ainhoa Moiua eta Gorka Urbizu. Azken honek, Kukutza gaztetxearen aldeko ereserkia abestu zuen, kontzertuko une gogoangarrietako bat eskainiz. Kanta bukatzean musikari guztiak igo ziren oholtzara, tinbalak eskuetan, amaiera apoteosikoa eskainiz. Ordurako, noski, inor ez zegoen antzokiko butaketan eserita, rock kontzertu batek hala behar du izan eta.
Mikel Laboak, Xabier Letek, Fermin Muguruzak, Anarik eta Berri Txarrakek jaso dute saria, besteak beste.

