Suak pizten eta bizitzen du auzoko arnasgunea
San Joan bezperako festa egingo dute gaur Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan. Arratsaldetik gauerdira bitarteko egitaraua antolatu dute haurrak, gazteak eta helduak elkartzeko.
Bernart Etxepare plazan herritar asko elkartzen dira sardina erreak jateko. (Argazkia: Plazara Goaz) Euskal giro ederra sortzen da Intxaurrondoko San Joan jaietan. Egun bakarreko festa izanik ere, berezia da auzotarrentzat. Plazara Goaz euskara elkarteak eta Haizalde gastronomia elkarteak indarrak batu dituzte San Joan bezperako jaiak indartzeko. Izan ere, Bernart Etxepare plazan dute egoitza bi eragileek, eta plaza bera betetzea dute helburu. Horretarako, ohiko egitaraua prestatu dute gaur 17:00etan hasi eta 00:00ak pasatu bitarte luzatuko dena. Adin tarte guztientzako jarduerak antolatu dituzte.
Duela urte batzuk, hiru eguneko jaiak egiten zituzten Intxaurrondoko sanjoanetan. Ordea, pixkanaka txikitu eta San Joan bezperara mugatu zuten antolatzaileek. Dena dela, garai hartako festen izaera berreskuratzeko asmoa dagoela aitortu du Leire Gallastegi auzotarrak eta antolatzaile taldeko kideak: «Ondo legoke jai batzorde bat egituratu eta jaiak indartzea». Gainera, auzoko dendari gehiagok babestu dute San Joan bezperako festa. «Babes handiagoa eman digute, eta horrek lasaitasun gehiago eman digu gauzak antolatzeko», esan du Gallastegik.
Intxaurrondoko bizilagunen parte hartzea sustatzeko, Plazara Goaz elkarteak abesbatza eta herri dantzaren entseguan antolatu izan ditu azken urteotan. «Entseguetara ez da betiko jendea agertu. Iazko batzuk faltan bota ditugu, baina beste batzuk agertu dira”, azaldu du Gallastegik. «Egia esan, entseguetara ez da jende asko hurbiltzen, baina egunean bertan lagun asko elkartzen gara plazan. Familia giroa izaten da protagonista, haurrentzako jarduera asko ditugulako», gaineratu du.
Sardina jatearen arrakasta
Jatekoa eta edatekoa ez da faltako Bernart Etxepare plazan. Haurrentzako txokolate jana izango da 18:00etan, baina auzotarrek eta bisitariek gehien estimatzen duten otordua sardina jatea izan ohi da. «Urtero, sardina jatea izaten da arrakastatsuena. Asko estimatzen dugu, eta bistan da hurbiltzen diren askok ere gustuko dutela», adierazi du Gallastegik. 20:00etatik aurrera dastatu ahal izango dira sardina erreak.
San Joan sua piztu aurretik egingo dute herri abesbatza, 20:05ean. Aldiz, herri dantza saioa 22:00etan hasiko da, suaren inguruan. Noski, musika ere ez da faltako, eta giroa jartzeaz Estangatarrak arduratuko dira, iluntzean eta gauean.


