Bueltan da Iraqueerle taldea
EHGAMek eta Teila Fabrikak antolatuta, Iraqueerle taldea antolatu dute beste urte batez. Askapen sexuala eta LGTBI+ auziak ardatz dituzten liburuak irakurri eta eztabaidak antolatuko dituzte hilabetean behin.
Mariokerrak Nola esan/izan bollera euskaraz liburua izango da lehena (Txalaparta, 2023 ), eta, oraingo honetan, Amaia Alvarez Uria eta June Fernandez Casete egileekin. Komunitate bolleroan euskararen “potentzialtasun politikoa” arakatzen duen liburua da honakoa.
Horrela, “desira lesbikoaren glosategi hutsetik harago, liburu honek tresna bat izan nahi du: euskal bolleren identitate eta praktika linguistikoen erradiografia oso bat eginez, hizkuntza minorizatuaren eta sexu disidentziaren intersekzioen ertz askotarikoei argia, ahotsa eta plaza eman nahi die, ikusgarritasun lesbikoaren mesedetan”.
Azaroaren 21ean, Alana Porteroren La mala costumbre landuko dute. Abenduaren 19an Christo Casasen Maricas Malas. Hilabeteroko egitaraua osatuta dute dagoeneko, eta hauek izango dira autoreak: Ainara Azpiazu, Elena Olave, Nora Alberdi, Julia Serano, Pedro Lemebel, Eva Perez-Pons eta Sara Lafuente.
Saio guztiak Egiako Teila Fabrikan izango dira 18:30ean. Izena emateko, iraqueerle.ehgam@ni.eus helbidera idazteko eskatu dute.

