Pankarta erraldoi bat, turistifikazio masiboaren kontra
Pankarta erraldoi bat eskegi du Bizilagunekin kolektiboak Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroaren jardunaldiarengatik protesta egiteko. Munduko Turismo Erakundeak eta Basque Culinary Centerrek antolatu dituzte jardunaldiok. Kolektiboak adierazi duenez, bertara eraman dute Donostiaren turistifikazioaren aurkako mezua: “Ez dugulako onartzen gutxi batzuen negozioen mesedetan gehiengoaren bizitzak kaltetzea”.
Honela azaldu dute ekimena: “Turistifikazioaren testuinguruan, turismoa erakartzeko abian jartzen diren dinamikek arriskuan jartzen dituzte erakargarritzat baliatzen diren elementu naturalak eta kulturalak. Kontrolik gabeko turismo jarduerak arriskuan jartzen du saldu nahi duen hori bera”.
Sukaldaritza erreklamo gisa erabiltzea salatu dute: “Sukaldaritzarena da turistifikatzaileek euskal marka munduan saltzeko hautatu duten elementu nagusia eta hori izan daiteke kultur ezaugarri bereizgarri baten galbidea”.
Bizilagunekinen ustez, Munduko Turismo Erakundea erakunde publikoak “turismo industriaren lobbyen esanetara jartzeko” erakunde bat da.” Bere jardueran estatu antidemokratikoen zuriketa dakarten jarduerak ohikoak dira, besteak beste. Eta diruaren hotsaren arabera mugitzen dira batetik bestera, gehien eskaintzen duenarengana hurbilduz, Donostiara etortzean egin bezala”.
Kolektiboak gogora ekarri du, urrian zehar hainbat mobilizazio eta ekimen antolatu dituztela Donostiak “desazkunde turistikoaren norabidea” hartu dezan. Urriaren 22an, 12:00etan Alderi Ederren manifestazio handia egingo dute.