Turistifikazioari buruzko bi mahai inguru antolatu ditu Bizilagunekin plataformak
Desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu du hilabete honetarako, eta datozen asteetan egingo dituzten bi mahai ingururen berri eman dute. Turistifikazioa eta etxebizitzaren egoera aztertuko dituzte lehenengoan (Turistifikazioa eta etxebizitza Donostian: Egoera eta proposamenak), eta hiriko eta bereziki Antiguako turistifikazioa aztertuko dute bigarrenean (Turistifikazioa Donostian eta Antiguan).
Ipar Euskal Herrian etxebizitza eskubidearen alde borrokatzen duen Alda mugimenduak, Haritik Hirira geografo taldeak, Kaleratzeak Stop etxebizitza eskubidearen aldeko plataformak eta Egiako etxe turistikoen aurka antolatutako Egian Bizi plataformak hartuko dute parte lehenengo mahai inguruan, eta turistifikazioak etxebizitza larrialdiarekin duen harremana aztertuko dute. Datorren asteazkenean izango da lehenengoa, hilaren 18an, Okendo Kultur Etxean, 19:00etan.
Bestalde, bigarrenean Bizilagunekin plataformak berak, Antiguako Heriz pasealekuko ostatu turistiko batek bizilagunei sortzen dizkien eragozpenen aurka borrokatzen duen Heriz plataformak eta euren etxe azpian irekitzekoak ziren ostatu turistiko bat geldiarazi duen Arriola pasealekuko bizilagun taldeak hartuko dute parte. Turistifikazioak Donostia osoan eta bereziki Antiguan duen eragina izango dute hizpide. Hilaren 25ean izango da mahai inguru hori, 19:00etan, Lugaritz Kultur Etxean.
Ekintzak eta manifestazioa
Turistifikazioaren Aurkako Urriaren barruan, bi ekintza egin ditu Bizilagunekin plataformak azken astean. Hain zuzen ere, Pintxoland ereduaren aurkako Parte Zahar euskalduna aldarrikatu zuten ostegunean, eta pankarta erraldoi bat jarri zuten Zurriolan asteburuan, Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroaren jardunaldiarengatik protesta egiteko. Bestalde, datorren asteko igandean (hilak 22) egingo duten manifestazioarekin itxiko dute Turistifikazioaren Aurkako Urria; 12:00etan abiatuko dira, Alderdi Ederretik, eta herritarrak parte hartzera deitu dituzte.