Donostiako Zentro Sozialista, mugimendua hauspotzeko
Mundaiz kalean dago Donostiako Zentro Sozialista, Mugimendu Sozialistaren egoitza. Apirilean aurkeztu zuten jendartean, eta ordutik, hainbat dira egindako jarduera kultural eta politikoak. Dena ezinezkoa dirudien hirian, gazte antolakuntzaren adibide freskoa.
Mikel Biain, Donostiako Zentro Sozialistako kidea. (Argazkia: Xalba Ramirez) Oharkabean pasatu da Mundaiz kalean, Egian, dagoela Donostiako espazio okupaturik handiena. Lehendik izan dira handiagoak: Fires fabrika berreskuratua Añorgan, Kortxoenea Grosen eta Amets Enea gaztetxea, Egian bertan. Ezberdina da honakoa, ordea; hau zentro sozialista baita.
«Mugimendu Sozialistaren egoitzak dira zentro sozialistak», azaldu du Mikel Biain Donostiako Kontseilu Sozialistako kideak. «Mugimenduak dituen azpiegitura eta logistika beharrei erantzuteko guneak dira, aldi berean, gaitasun horiek bultzatzeko eta indartzeko espazio gisa, eskualde zein nazionalki ditugun beharrak kubritzeko», azaldu du Biainek.
Sukiaren jabetza, Mundaizen
2022ko abenduaren hasieran okupatu zuten hiru pisu dituen eraikina. «Hilabetetako lanaren ondoren», martxoan hasi ziren publikora irekitzen. «Zikina zegoen eraikina, traste zaharrez goraino, eta lan handia egon da txukuntzen, argindar instalazioa berriro jartzen eta abar», azaldu du Biainek.
Ingurunea ez da nolanahikoa. Hamabost urte atzera onartu zen Mundaizen hainbat etxebizitza eraikitzea, eta aste honetan bertan, HAPO berriaren aurrerakinean proiektuaren hainbat xehetasun publikatu dira: 188 etxebizitza, hamabost pisuko hiru eraikinetan.
Proiektua konplexuegia dela eta —eta, besteak beste, babes ofizialeko etxeak bertan egitea ekidin nahi dutelako—, urtez urte atzeratzen ari da proiektua, gunearen «degradazio» konstantearekin.
Sukia eraikuntza enpresa da eraikin horren jabea, eta ez da kasualitatea. «Guretzat gure printzipioak azaltzeko modu bat da hau. Sukiaren moduko enpresa bat, Euskal Herriko handienetakoa; ehunka eraikin huts dituena. Donostian jendea kale gorrian dagonean, edo eragile sozial, politiko eta kulturalek espaziorik ez dutenean, Donostia dagoen moduan egonda, gainera».
Honela, «jabetza pribatuarekiko gure posizioa hobeto erakusten da, enpresa handiei kendutako espazioak baitira zentro sozialistak. Esaten dugunean jabetza sozializatu behar dela, edo gutxi batzuen aberastasunerako pilatzen den jabetza horren kontra gaudela, demostratzen dugu praktikan zein posizio daukagun horrekiko eta zein den gure ikuspuntua horrekiko».
Jabeekin harremanak izan dituzten arren, ez dute inolako akordiorik, eta kaleratze arriskua etengabea dela uste du Biainek: «Are gehiago, azkenaldian okupazioaren kontrako ofentsiba politiko eta juridikoarekin. Gero eta tresna gehiago dituzte nahi duten moduan exekutatzeko kaleratzeak. Desokupa gisako enpresa faxisten parte hartzea gero eta normalizatuago dago, gainera».
Inguruko eragileei zabalik
Mugimendu Sozialistaren egoitza izateaz gain, inguruko eragileei zabalik dago gunea. «Hiriko eta Egiako hainbat eragilerekin jarri ginen harremanean okupatu ostean, espazioa erabiltzeko prest zegoela jakitera emateko». Adibidez, SOS Arrazakeriak, Hiritarron Harrera Sareak eta Kaleko Afari Solidarioak taldeak espazioa erabiltzen dute materiala gordetzeko, eta tarteka bileraren bat egiteko, baita harrerak egiteko ere, Biainek azaldu duenez.
Aurrera begira, ziurgabetasun egoeran daudela eta, ez dakite zer jarduera gauzatuko dituzten. «Inguruko hainbat gaztek hala eskatuta, kiroldegi txiki bat sortu da, ikusiko dugu nola garatzen den; Etxebizitza Sindikatuak eta Langile Autodefentsa Sareak ere haien harrerak hemen egiten dituzte… Gure asmoa da egitarau kultural eta politikoarekin jarraitzea, eta ahal den neurrian zabaltzea, jendea ongietorria dela adierazteko».
Biainek azaldu duenez, Mugimendu Sozialistak gaztetxe mugimenduei egin izan dien kritika da «lokalismoan erortzeko» eta «espazioa helburu bihurtzeko» arriskua: «Guk ez ditugu akats horiek errepikatu nahi, eta zentroa bitarteko gisa erabiliko dugu, Mugimendu Sozialista indartzen jarraitzeko».





