Nogenen diska berria kalean da
Aben Cirkel kaleratu du Nogen talde donostiarrak: zirkulu irekia, alegia. Beren ibilbideko laugarren lana da, 19 minutu irauten duten zazpi kantarekin.
Laburra den arren, intentsua ere bada: ekoizpen lan handia egin du taldeak La Maravillosa Orquesta Del Alcohol taldeko Nacho Murrekin. Taldeak berak onartu du inoiz egin duten diskorik “landuena, bereziena eta osoena” dela, bi urtez aritu dira lantzen.
Taldea ez da asko urruntzen orain arte egin duenetik, aho betez abesteko pop kanta melodiko eta itsaskorrez osatuta baitago lana. Edonola, nabaritzen da soinu berrien bilaketa, Bon Iver gogoratzen duten konponketa lortuekin. La MODAren eskua nabaria da, baita ere, ekoizpenean, maila ezberdinak eraikitzeko gai izan baita taldea. Taldeko abeslariak euskaraz abestea lortu dute, ederki gainera, Abendua kantan.
Lehendik beste bi album kaleratu ditu taldeak: Liv til døden (2018, Airaka) eta Under Alt (2020, Airaka). Hirugarren lan hau zuzenean aurkezteko bira honakoa izango da: azaroak 17 Iruñeko Zentralen, azaroak 18 Gasteizko Jimmy Jazzen, azaroak 24 Bilboko Kafe Antzokian eta abenduak 30 Donostiako Dabadaban. Azken honetarako sarrerak, noski, agortuak daude..