Aurten ere, etxegabeek La Sirena erabili ahalko dute soilik izozte arriskua dagoenean
Donostiako Udalak la Sirena aterpetxea zabalduko du gaurtik aurrera etxegabeentzat, iazko baldintza berdinetan. Hainbat hobekuntza gehitu dituzte: izozte egunetan ezingo da beste erabilerarik eman, eta kale egoeran daudenentzat neguko kit-ak banatuko dituzte
Gaurtik aurrera, eta apirilaren 1era bitarte, La Sirena aterpetxeak kale egoeran dauden herritarrak jasoko ditu larrialdiko arreta zerbitzu osagarri gisa. Honek esan nahi du izozte arriskua dauden muturreko hotz egoeretarako ahalbidetuko dutela aterpetxea, beti ere 36 ordu lehenagoko iragarritako izozte arriskua baieztatzean.
Honela, egun horietan bertan tiket batzuk banatuko dira kale egoeran daudenen artean, kudeaketa “errazagoa eta erosoagoa” izan dadin erabiltzaileentzat. Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak gogoratu du zerbitzu hau “osagarria” dela, eta hemen eskainiko diren 100 plazez gain, beste 140 eskaintzen direla urte osoan zehar.
Gaineratu dutenez, aurten zerbitzua indartuta jarri dute martxan. Hasteko, argitu dute La Sirena aterpetxeak ez duela beste erabilerarik izango neguan, eta, beraz, edukieraren %100 bideratuko da kale egoeran dauden herritarrak artatzera.
Bestetik, “arrazoiren batengatik” La Sirenan gaua egin nahi ez duten herritarrei hotzari aurre egiteko kit batzuk banatuko dizkiete kale hezitzaileek: lozakua, esterila, arropa eta jateko zerbait beroa eskaintzen saiatuko dira.
Lau kale hezitzaile daude, DIArekin batera elkarlanean Donostian kale egoeran dauden herritarrak artatzen. Azaldu dutenez, “ezin da jakin” zenbat diren “zehazki” kale egoeran dauden herritarrak, asko aldatzen delako. Ordea, zuzendariak argitu du La Sirenako zerbitzua eskaintzen denean,” ia %100eko betetze maila duela”.
Protestak
Iaz, Harrera Sareak eta Sos Arrazakeriakek sustatua, hainbat protesta izan ziren, La Sirena “gauero” ireki zezaten eskatuz. Udalak ez du protokolo hori aldatu, eta soilik irekiko da kostaldean izozte arriskua dagoen gauetan.